Agintaldia eman duzu Eudeleko presidente. Ze balorazio egiten duzu?
Laburra egin zait. Gauza asko egin ditugu, baina beste zenbait geratu dira egiteko. Balantzea egitea beste batzuei dagokie, baina gustura gaude egindakoarekin.
Euskal kutxen legearen zirriborroaren berri baduzu?
Bai, eta, ikusten dugunez, udaloi ordezkaritza mailaren zati bat kentzea da asmoa. Horrekin ez gaude batere ados. Edozelan ere, denbora galdu da ikuspegi politikoari jira eta buelta. Ikuspegi teknikoak gehiago agindu behar du. Ikuspegi politikoak agindu duenez, bere garaian ez zuen aurrera egin euskal kutxen bategiteak. Gehienek bat egin nahi dute, baina nor bere historiaren gatibu da eta hortik dator guztia motelegia izatea.
Aurrerantzean, Legebiltzarrari egin nahi zaio tokia.
Kutxak udal eta diputazioetatik sortu ziren. Kutxen ikuspegi sozialari eutsi egin behar zaio, eta hori egiteko zein egokiago herritarrengandik gertuen dauden erakundeak baino? Iruditzen zaigu udalok geure espazio eta ordezkaritza maila behar dugula.
Joan den astean egin zenuten Eudelen urteko batzarra eta esan zenuen ez dela izan agintaldi samurra. Azken urteetako zailena izan dela. Zergatik?
Gauza asko gertatu dira; besteak beste, Jaurlaritzaren aldaketa, eta giro politikoa oso mugitua izan da. Udalen bi proiektu jarri ditugu mahaiaren gainean. Bat, aurreko agintaldian; eta beste bat, orain sartu berri duguna. Gizarte zerbitzuen legea ere onartu da; 40 hitzarmen baino gehiago sinatu ditugu, talde edo erakunde askorekin… Ilusio handiarekin egindako lana izan da, baina gogorra.
Zenbat udal daude Eudelen?
251 udal eta arima, nor bere aita eta amarenak. Batzuk ehun biztanle ingurukoak eta beste batzuk 350.000 biztanlekoak, Bilbo bezala. Baina guztiak artatu behar dituzu. Denak dira inportanteak. Guztiekin batera lan eginez, guztiekin borrokatuz…; azken finean, guztion onerako.
Zuzendaritza batzordean ze alderditako herri ordezkariak daude?
PSE-EE, EA eta EAJ gaude. Harreman onak izan ditugu. Azkenaldian, ordea, alderdi sozialistarekin ika-mikak izan ditugu eta birritan nire dimisioa eskatu dute, baina azken uneko urduritasunak eta hauteskunde usainekoak izan direla uste dut. Hauteskundeen ostean, berriro osatuko dugu aginte organoa.
Udalen legearen onarpena izan da Eudelen obsesio nagusia?
Udalen legearen beharra sozializatzen ahalegindu gara. Herri honetan, 30 urte igaro ostean, ez daukagu udalen legerik. Eta, agian, gu geu, alkateok, izan gaitezke horren errudun nagusiak, akaso, ez dugulako izan borondate nahikorik. Eta alderdi politikoetan ere ez dugu ikusi interes berezirik. Agintaldi honetan, ordea, uste dut horri buelta eman diogula eta gaia eztabaidaren muinean jarri dugula. Hurrengo agintaldian lortuko dugula uste dut, nahiz eta arazo nagusia izan une honetan diru eskasia. Alde batetik, eskuduntzak eta, bestetik, baliabide ekonomikoak eskatzen ditugu udalok. Baina diru kontuek agintzen dute eta hortik etor daitezke arazoak; finantzaziotik, alegia.
Edozelan ere, zerbait aurreratu da agintaldi honetan, bi lege proposamen edo proiektu aurkeztu direlako zentzu horretan…
Bai, horiek izan daitezke bi lorpen garrantzitsu. Iaz martxoaren 11n lortu genuen denok testu komun bat eroatea Jaurlaritzara. Udalok egin ditugu lanak, adostasunak lortu ditugu eta aurkeztu diogu txosten bat Legebiltzarrari. Hori gertatzen den lehen aldia da.
Etorkizuneko Udalen legea izan daitekeenaren ardatz nagusiak zeintzuk dira?
Finantzazio eta eskumenak zehaztea da gakoa. Izan ere, une honetan, udalok ez daukagu gure eskumenen zehaztapenik, ikuspegi juridikotik; gero, Eusko finantzen kontseiluan zelan hartu behar dugun parte; zer eta ze bitartekorekin egin behar dugun udalok… Esaterako, udal euskaltegiak, legez eta eskumenez, Jaurlaritzarenak dira. Baina, praktikan, udalok kontratatzen ditugu langileak, uzten ditugu lokalak… eta Jaurlaritzak diruz laguntzen digu aurrekontua osatzera, baina kudeaketa geurea da. Guk nahi dugu lege bat non zehazten den zeinena den eskumena eta baliabide ekonomiko egokiak jasotzen diren, eskumen horiek ondo kudeatzeko.
Krisia zelan zabiltzate kudeatzen udalak?
Kostata, norberaren etxean bezala. Euskal Autonomia Erkidegoan, udalok itzuli behar izan dizkiegu diputazioei bi urteri zegozkien 570 milioi euro. Bere garaian egin ziren aurreikuspenak ez zirelako bete, eta diputazioek udalei behar zena baino gehiago eman zietelako. Aldundiek erraztasunak eman dizkigute, baina larri ibili gara. Euskal udalok finantza egoera on samarrean daude, zor txikiekin, inbertsioak egiteko moduan eta herritarrei ezinbesteko zerbitzuak emateko moduan.
Udal hauteskundeak normaltasun osoz egingo direla uste duzu?
Normaltasunez ez dira egingo, ezker abertzalearen egoera bereziarengatik, baina aukera guztiak egon ahal izango dira. Ezker abertzalea egongo da. Hala erabaki eta esan du. Formula ezberdinak erabiliko ditu eta ez du baliorik gabeko botoa bultzatuko. Sorturen legeztatzea dela-eta, ez naiz oso baikorra, baina modu batera edo bestera aurkeztuko dira.
Sortu legeztatzen badute, Legebiltzarrerako hauteskundeak berehala deitu beharko direla diote batzuek.
Erakundeek erantzun egin behar diote errealitate sozialari. Sortu legezkoa bada, jendarteak bilatu egin behar du horiek erakundeetan egoteko modua. Hortaz, logikoa da hauteskundeak aurreratu behar izatea. Halere, beste ahots batzuk entzun dira diotenak Zapaterok hauteskundeak aurreratu eta udazkenerako deituko dituela. Ikusi behar...
EAJk ez du lehendakarigairik...
Une honetan, udal hauteskundeak dira EAJren lehentasuna. Behin hori pasata, emaitzak ikusita, koalizio akordioak eginda… beste hauteskundeei begira jarriko gara.
Zu zeu izan zaitezke EAJren lehendakarigaia?
Alderdian, une honetan, beste gako batzuekin gabiltza lanean. Une honetan, udal hauteskundeak ditugu jomugan eta oso-oso garrantzitsuak dira. Gainera, giro politiko berri eta intentsuan murgilduta gaude.