Gemma Zabaleta: "Kooperatiba gehiago sortu izanak enplegua berreskuratzen lagunduko du"

Leire Kortabarria 2011ko martxoaren 30a

Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak Euskadiko kooperatibekin duen konpromisoa berretsi du Legebiltzarrean, eta mugimendu horrek pertsonen zerbitzuan dituen betiko balio eta printzipioak goraipatu ditu. Bere esanetan, "2009. eta 2010. urtean igo egin da eratutako kooperatiba berrien kopurua, eta horrek enplegua berreskuratuko dela iragartzen du". Zehazki, eratutako kooperatibak 173 ziren iaz (2009an baino 41 gehiago), eta lan elkartuko kooperatibak, 133 (2009an baino 26 gehiago).

Gemma Zabaletak Gizarte Ekonomiaren egoeraren azterketa egin du Gasteizko Legebiltzarreko Gizarte Politika, Lan eta Berdintasun Batzordean, eta, adierazi duenez, "kooperatiben sarea osatzen duten enpresek konponbide partekatuak bilatu eta ardura partekatua sustatzen dute, langileen, enpresaburuen eta
gizarte osoaren artean".

Sektoreko enpresen egoera zehazterakoan Zabaletak adierazi duenez, Gizarte Ekonomiako Euskadiko enpresek zikloaren araberako bilakaera izan dute, eta horregatik, enplegua galdu egin da enpresa horietan ere. Hala ere, murrizketa gogorraren ondoren, 2009an eta 2010an handitu egin da eratutako kooperatiben kopurua.

Gizarte Ekonomia ordezkatzen duten entitateei 2010. urtean laguntzak igo izana aipatu du sailburuak; izan ere, lehenengo aldiz Enplegu Zentro Bereziak, gizarteratzeko enpresak eta fundazioak gehitu baitzaizkie.

Azken bi urteetan era horretako enpresentzako laguntzak gehitu egin dira: 2008. urtean 438.000 euro eman ziren, eta 2010. urtean, berriz, 722.300.

Enplegu sailaren azken datuen arabera (2009. urtekoak), 73.295 langilek lan egiten dute sektore horretan, EAEko langileen % 7,70k, hain zuzen ere. Betiko ekonomiak (kooperatibak eta lan-sozietateak) 59.835 lanpostu sortzen ditu, EZB-ELHABEkoek, berriz, 7.232, eta aurrezki kutxek 5.642.

Joan den urtetik kontratazioaren eta jardueraren gehikuntza izaten ari da sektore horretan, esan du Enplegu sailburuak: "Lehenengo aldiz gizarte-ekonomiak ez du zikloaren aurkako bilakaera izan, eta hori gizarte-ekonomiako enpresen heldutasun-prozesuaren seinale izan liteke, batez ere kooperatiben kasuan", baieztatu du Zabaletak.

Zerbitzu sektorea industriaren gainetik jarri da

Enplegua industriaren eta zerbitzuen sektoreetan kontzentratzen da. Lehenengo aldiz, hirugarren sektorea industriaren gainetik jarri da, nahiz eta gizarte-ekonomiaren profila euskal ekonomia osoarena baino lotuago egon
industriari (% 47,79 eta % 25,56, hurrenez hurren).

Bestalde, Enplegu Zentro Bereziek (EBZ) EAEko 6.300 pertsonentzako enplegua ematen dute, eta, fakturazioa jaitsi dela nabaritu duten arren, enpleguari eusteko gauza izan dira, bereziki desgaitasuna duten langileen kasuan. Aldi berean, GIZATEAn elkartzen diren gizarteratze-enpresetan enplegua eta diru-sarrrerak gehitu egin dira.

Kreditu-kooperatibek eutsi egin diote enpleguari, nahiz eta bulegoen kopurua jaitsi egin den. Aurrezki kutxetan jaitsi egin da 2008 eta 2009. urteetan, finantza-krisiak behartutako leihakortasunaren hobekuntza dela-eta.

Bestalde, OINARRI elkarren bermerako sozietateak nabarmenki gehitu ahal izan du bere bazkideen kopurua, baita emandako abalak ere, Eusko Jaurlaritzaren programetan aktiboki parte hartuz; horrela, Estatuko Elkarren
Bermerako bosgarren sozietate gisa finkatu da gauzatutako abalen arabera.

Baztertuta daudenendako lana

Azkenik, Enplegu sailburuak adierazi du beharrezkoa dela betiko gizarte ekonomiako enpresetan bildutako esperientzia eramatea desgaituentzako Enplegu Zentro Berezietara eta gizartean baztertuta dauden giza taldeak
laneratzeko enpresetara. "Horrez gain, Europarekin dugun balantza orekatzen saiatuko gara, Europako Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen eta Europako Parlamentuak Gizarte Ekonomiaren alde hartu dituzten
erabakiak baliatuz, Europako gizarte eredua finkatzeari lotuta eta EB 2020KO Estrategian jasotako enplegu helburuak lortze aldera", adierazi du Zabaletak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak