Aurkeztu dute Elgetako Mundumira

Amaia Txintxurreta Guridi 2011ko mar. 30a, 14:48

Elgetan izango da maiatzaren 27, 28 eta 29an. Plazan kokatuko dute eszenatoki nagusia eta plazatik Salbador kale goraino gastronomiako guneak kokatuko dituzte, bertan, aire libreko janlekua jarriko dute. Artisautza eta Gobernuz Kanpoko Erakundeak, berriz, Maalako plazan eta San Roke kalean zehar kokatuko dituzte.

Haurren gunea sendotu egingo dute aurten eta kiroldegiko kantxa inguruan egongo da, eta azkenik, mendiarekin zerikusia duten ekimenak Gudarien Bidea kalean jarriko dute; trafikoa moztuta egongo da egun horietan eta Torrealdetik desbideratuko dute.

Jaialdiaren jarduerak lau ardatzen inguruan gauzatzen dira:

Kalea da protagonista. Herriko kaleetan etengabe izango dira jarduerak, kolorez eta musikaz beteko dira. Besteak beste, izango dira gastronomia azokak, senderismo azoka eta munduko janarien jaima.

Bost kontinenteetako musika. Munduko musikez gozatzeko aukera izango da; gaueko kontzertuak, kalejirak, egunez formatu txikiko ekitaldiak. Talde nagusia Los Delinquentes izango da, baina Kuba, Mozanbike eta Kataluniako taldeak ere izango dira, besteak beste.

Mendia, natura, ondarea eta bidaiak. Aldi berean, eskualdeko ondare kulturala eta naturala ezagutzeko aukera ere izango da: senderismoko azoka, ikus-entzunezkoen proiekzioak, argazki erakusketak, ikastaroak, mahai inguruak, mendi irteerak, irteera kulturalak, Euskal Herriko Boulder txapelketa, Btt ibilaldia...

Gizarte ekimena. Foro solidarioan eskualdeko eta Euskal Herri osoko Gobernuz Kanpoko Erakundeek garatzen dituzten proiektuak ezagutzeko aukera egongo da. Jaialdiko kamiseta solidarioaz ateratako dirua Debagoieneko GKEen proiektua bultzatzeko erabiliko da.

Garraio publikoa

Garraio publikoa ere izango da Mundumira jairako eta ordu puntetan hamabost minuturo egongo dira Elgetara autobusak. Bi linea nagusi egongo dira:

- Arrasate, Eskoriatza eta Aretxabaleta batuko dituena.

- Bergara eta Antzuola batuko dituena.

Bestalde, 1.000 ibilgailuendako lekua ere egongo da poligonoan.

Herritarren laguntza

Elgetako alkate Oxel Erostarbek herritarrei dei egin die jaia egiten laguntzeko eta horretarako, eskatu du datorren asteko eguenean, apirilaren 7an, batzarrera joatea. Gaineratu du, komeni dela izena ematea astelehena baino lehen herriko elkarteetan, udaletxean, tabernetan eta eskoletan, besteak beste.

Informazio gehiago

Informazio gehiago jasotzeko webgune bat ere jarri dute martxan. Eta egitaraua ere ikusgai dago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak