'Gurpil zoroa' apurtzeko misioa bere egin dute Lanbide Heziketa zentroek

Leire Kortabarria 2011ko martxoaren 30a

Txikibuda eta Superlamita klown-ak misio espazial eta berezi batekin etorri ziren joan den eguenean Arrasatera: hainbat gazte harrapatuta dauden gurpil zoroa apurtzea. Aukera izan zuenean, batek ez zuen ikasi nahi izan, eta gero ez zuen lanik topatu; eta orain, lan barik dago, bere garaian ez zuelako ikasi nahi izan eta ez dagoelako nahiko prestatuta. Eta gurpil hori apurtu ezean, horrelaxe jarraituko du, langabezian…

Hori jakinarazi zieten Kulturaten batutako guztiei, eta segidan, misio horretan lagundu behar zietenei paso eman zieten: Debagoieneko Lanbide Heziketako Azoka (Goiaz! 2011) egiten zebiltzanei, bailarako Lanbide Heziketako zentroetako arduradunei, alegia. Txikibuda eta Superlamitak umore kutsuan esandako mezua arduradun horiek ere bere egin zuten azokan zehar: krisiak ez dituela gazteak kikildu behar, baizik eta indarra eman ikasten jarraitzeko, eta ondo prestatuta daudenek aukera gehiago izango dituztela lana topatzeko, horixe baita enpresak bila dabiltzana.

Lehen harremana egitera

Goiaz! 2011 azokan, bailarako Lanbide Heziketako Zentroak izen ziren euren eskaintza jakinarazten: Oñati Gestio Eskola (Mondragon Unibertsitatea), Goi Eskola Politeknikoa (Mondragon Unibertsitatea), Arizmendi Ikastola, Mariaren Lagundia Ikastola, Helduen Heziketa Iraunkorra (HHI-EPA), Zuazola-Larraña Institutua, Miguel Altuna Institutua, Aretxabaleta Lanbide Eskola, Itsasmendikoi eta Lanbide Hastapena; formazio zentro batzuk (Bastida akademia, Ikasi prestakuntza zentroa eta Gureak-Akademi), enplegu zerbitzuak (Lanbide eta EURES Europako enplegu zerbitzua); Arrasate, Bergara, Oñati eta Aretxabaletako udaletako enplegu zerbitzuak; ekintzaileendako zerbitzuak (Debagoieneko Mankomunitateko Garapen Agentzia eta Saiolan), eta beste erakunde batzuk (Saiolan eta Alecop).

Bisitariak, gazteak zein gurasoak, atenditzen egon ziren. Erakusketariek esaten zutenez, azokara bisitan joan direnek ez zuten Lanbide Heziketa ezagutzen: "Ikasleek ez dute oso garbi izaten zer gura duten. Azokara etorri dira ikustera zer diren ziklo formatiboak. DBH egindakoak dira, eta zikloak ezagutzera etorri dira", esaten du Aretxabaleta Lanbide Eskolako Amaia Arantzabalek.

"Ze lan-irteera du honek?"

Krisia eta langabezia, ordea, eten barik entzun izan dituzte gazteok, eta horiek dituzte buruan askok. Amaia Arantzabalek esaten duenez, krisiak "begiak irekitzera" behartu ditu Lanbide Heziketako eskolak: "Ikasi beharra, norbera prestatu beharra dagoela gogorarazi digu krisiak, eta prestatu barik ezin daitekeela lanik lortu".
Antzeko mezua eman nahi izan zuen Arizmendi Ikastolako Lanbide Heziketako arduradun Edurne Erauskinek: "Gehien entzuten duguna galdera da, "Ze irteera du ziklo honek?" Guk esaten diegu ateak ez daudela itxita; nahiz eta gauza bat erabaki une jakin baten, beste ate asko irekitzen dira, eta toki batera joateko bide asko daude". Krisia aukera gisa ikusi dezaketela gaineratu zuen Erauskinek: "Jende asko dago langabezian; eta lana topatzeko, norbera ondo kualifikatu behar da. Orain da momentua; aprobetxatu egin behar da eta formazio hobea lortu, lan merkatuan hobeto kokatzeko".

Bergarako Miguel Altuna Institutukoak ere, aurreko bi edizioetan egin zuten bezala, azokan izan ziren aurten. Han Administrazio, Elektrizitate eta Mekanika arloetako erdi eta goi mailako heziketa zikloak dituzte; goi ziklora sartzeko sarrera-probarako prestakuntza ere ematen dute, graduondoko bat, eskaintza partziala, eta ikastaroak; azken horiek lanean daudenendako zein langabeendako dira. Institutu horretako ordezkari Cristina Gonzalezek esan zuenez, "orain, langabe asko" doa euren ikastetxera, "bai arratsaldean ikastaroak egitera, baita ziklo osoak egitera ere. Matrikulak nahiko ugaritu dira azken urte hauetan, bai".

Mariaren Lagundia Ikastolako zuzendari Gotzon Iparragirrek esan zuenez, "orain dela bi edo hiru urtetik hona, krisiagatik, asko zabaldu da zikloak ikasten dituztenen adina". Gaineratu zuenez, Lanbide Heziketa eta gero, "ikasteko gogoa eta lan egiteko presa" dutenei zuzenduta daude euren ikasketak.

Batez ere, goi mailako zikloak

Eustat Euskadiko Estatistika Erakundearen datuak dira: 2009/10 ikasturtean, Gipuzkoan, Lanbide Heziketa egiteko %11 jende gehiago matrikulatu zen, eta goi mailako zikloetan ugaritu ziren gehien matrikulak: tarte horretarako %9,8 jende gehiago matrikulatu zen; Erdi mailako zikloetarako, berriz, %8,2 gehiago.

Goiaz! 2011 azokan egon ziren zentroek esandako bi maila horietako ikasketak ematen dituzte, eta enpresek eskertzen dute horiek ikasi dituzten langileak egotea.

Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateko Oñati Gestio Eskola eta Goi Eskola Politeknikoa goi mailako zikloen berri ematera joan ziren. Oñatiko fakultateko Iñaki Gaztañagak eta Arrasateko fakultateko Iñaki Velez de Mendizabalek kontatu ziguten zelan eguen goizean Mondragon Korporazioko arduradun baten bisita izan zuten, eta hark esan ziela "batez ere, goi mailako kualifikazioa duen jendea bilatzen" dabiltzala. "Erdi mailako zikloak egin dituztenak ere bai, baina batez ere, goi ziklodunak", esan ziguten MUko bi ordezkari horiek. Lanerako prest! lelopean eman zuten MUko bi fakultate horietako eskaintzaren informazioa.

Bestalde, Lanbide Heziketa azoka "oso komenigarria" zela esan ziguten, batez ere "18-20 urte arteko gazteendako", baina baita zentroendako ere, Debagoienean zenbat Lanbide Heziketa ikastetxe dauden eta bakoitzak zer eskaintzen duen hobeto jakiteko.

Erdi mailako zikloek ere eskaera maila polita dute, ikasleen eta enpresen aldetik. Aretxabaleta Lanbide Eskolako Anton Intzak esan zigunez, "Erizaintzako Zaintza Osagarrien zikloak arrakasta handia du, lan-merkatua ere hortik doalako". Bestalde, esan zuen automobilgintza sektorean, tailerrek "asko eskatzen" dabiltzala goi mailako eraikuntza metaliko espezialitatea egin duten langileak.

Eta berrikuntza ere ailegatu da Lanbide Heziketako ikastetxeetara, jakina. Oñatiko Zuazola-Larraña institutuko zuzendari Kepa Altubek energia fotovoltaikoarekin ikasleek egindako proiektua erakutsi zigun, eta, bere hitzetan, "argi dago ikastetxeak eta Lanbide Heziketa zentroak sektore berrietan sartu behar dela. Gero eta gehiago saiatzen gara hezkuntza gaur egun gizarteak dituen erronketara egokitzen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak