Foru gobernuko EAJ eta H1!, eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu dute araua gaur goizean. PPk, Alternatibak eta Aralarrek aurka bozkatu dute eta EB-Berdeak abstenitu egin da. Europan barrena errepide nagusiak darabilten kamioiendako bidesariak erregulatuko ditu arau horrek. Agintaldiko azken osoko bilkura izan da gaurkoa Gipuzkoako Batzar Nagusietan.
Europako errepide nagusiak
Europa zeharkatzen duten errepide nagusien artean daude N-1, AP-15, AP-1 eta AP-8. Horiei gehituko zaie Beasain-Durango ardatzeko Gipuzkoako zatia, hau da, Beasaindik Bergara artekoa. Une honetan, Urretxu eta Bergara arteko zatia egiten dihardute ardatz horretatik, hau da, Gipuzkoan egiteko geratzen den azkena. AP-8 eta AP-1 autobideek bidesaria daukate dagoeneko eta diputazioak onartu du Etxegaraten eta Deskargan ere ordainlekuak ipintzea.
Etxegaraten eta Deskargan
Hala, datorren urtean Etxegaraten jarriko dute, "trafikoa erregulatze eta orekatze" aldera, Markel Olano ahaldun nagusiak martitzenean Goiena Telebistan esan zuen moduan. Izan ere, Gipuzkoako diputazioak nahi du lurraldeko errepide nagusi guztiek, Paris-Lisboa ardatzekoak behinik behin, bidesaria edukitzea eta ez bakarrik AP-8 eta AP-1ek, azken hauek ordainpekoak izatera, gutxiago erabiltzen baitira. Horri soluzioa eman nahi dio gaur onartu duen arauarekin.
Behin foru araua onartuta, datorren agintaldian zehaztu beharko dituzte araua indarrean jartzeko bideak, hala nola, ordainsarien zenbatekoa, deskontuak e.a. Horiek guztiak, gainera, Batzar Nagusien oniritziarekin ezarri beharko dituzte.
Garraiolariak larri
Garraiolariak neurri horren aurka agertu dira. Azkenaldian gasolioaren etengabeko igoerak eta bidesariek "ito" egingo dituztela dio Hiru sindikatuak.
Aralar: "Zama arintzeko neurriak?"
Bestalde, Aralarrek prentsa ohar bidez, salatu du Foru aldundiak ez duela "neurririk aurreikusi" kamioilariendako Etxegarateko bidesariak ekarriko duen "zama arintzeko". Rebeka Ubera Aralarren batzarkideak esan du egoki ikusiko luketela "errepideen erabileragatik pasoko ibilgailu astunei bidesaria ezartzea, baina ez dugu bat egiten foru arauarekin bidesariaren funtzioak hedatzen dituelako".
Beste "gabezia handietako" bat da Aralarren batzarkidearen ustez "ez dela inongo bitartekorik jarri kamioi horrek ekarriko duen zama arintzeko. Eta hemengo langileak ez dira pasoko erabiltzaileak".
Uberak bidesariak ezartzeko orduan Euskal Herriko lurraldeen artean dagoen "koordinazio falta" nabarmendu du. "Iruditzen zaigu aldebakarreko erabakirik ez daitekeela hartu gai horren inguruan, beste lurralde batzuei ere eragiten dietenean. Etxegarateko kasuan, zehazki, Arabarekin eta Nafarroarekin koordinatu beharra zegoen".