Eskoriatza-Hilerria izenez ezagutzen den bidegorri zatia inauguratu dute gaur goizean. Tarte hori 267 metro luze da eta 3 metro zabal. Eginiko azpiegituren artean ikusgarriena, hilerri azpian egin duten tunela da, 160 metro luzekoa. 1967. urtera arte erabilgarri egon zen Vasco-Navarro trenbide zaharreko tunela aprobetxatu dute bidegorria egiteko, hain zuzen. Tunelaren paretak hormigoizko geruzarekin eta 3 metro luzeko 79 buloirekin finkatu dira. Drainatze sistema ere jarri da.
Bide zati berriaren argiztapen instalazioan sei argi puntu jarri dira kanpoaldean eta hamaika tunel barruan. Kontsumo baxuko led argiak jarri dira.
Urkulu erreka igarotzeko 7,4 metroko pasabide bat egin da. Ibilbide osoa ia laua da, tunelaren iparraldeko irteeran dagoen aldapa labur bat izan ezik.
Hiru udalerri lotu
Ormazabal diputatuak gaurko aurkezpen ekitaldian adierazi du zati honen irekiera oso garrantzitsua dela, bidegorriaren bidez hiru udalerri lotzen direlako: "Bidegorri tarte honekin Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatza lotzen ditugu eta guztira sei kilometro ditu. Bestalde, lantokiak eta herri guneak ere lotzen ditugu, eta, beraz, herritar guztiei lanera joateko bizikleta erabiltzeko gonbita egiten diet".
Diputazioak Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatza lotzeko egin den bidegorria finantzatzeko guztira 819.000 euro erabili ditu. Ormazabalek gaineratu du Debagoienean inbertsio handia egin dela eta horren lekuko direla egin dituzten sei bidegorri tarteak. Eta esan du hiru gelditzen direla kolokan: Antzuola eta Bergara artekoa amaitzeko dago, Bergara eta Arrasate lotu behar dira eta Oñatirekin loturak ere egiteko daude. Horretaz gain, Bergaratik Mekolalde auzorainokoa.
Diputatuak gogorarazi du Garapen Iraunkorreko Departamentuak legealdi honetan 9 milioi euro baino gehiago inbertitu dituela Debagoienan 8 bide zati abian jartzeko.
Eskoriatza-Landa
Pedro Lasagabaster, Eskoriatzako alkateak, beste zati bat gehitu nahi izan du zerrenda horretara: Eskoriatzatik Arabako mugara doana.
Lasagabasterrek gogorarazi nahi izan dio diputatuari Eskoriatzatik Landarako tartea egiteko konpromisoa duela Diputazioak eta horretarako Eusko Jaurlaritzak 98an egin zuen ingurumen deklarazioa eraman dio aurkezpenera.
Lasabasterrek berak aitortu du zaila ikusten duela Landara doan tartea epe motzean bukatzea, baina egin beharrekoa dela eta horregatik Eskoriatzatik hori eskatzen jarraituko dutela.