Saioak Eusko Jaurlaritzako eta talde kooperatibako ordezkaritza banak parte hartu zuten , Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburu Bernabe Unda eta Mondragoneko Kontseilu Orokorreko lehendakari Jose Maria Aldekoa buru zirela.
Gaika, hauek izan ziren emaitza nagusiak:
- Informazio eta Komunikazioaren arloan, jarraipenerako aztergaiak izan ziren Mondragonen bilakaera, Sailaren perspektiba ekonomiko-finantzarioak eta Eusko Jaurlaritzak aurreikusitako programen garapena, Lehiakortasun Planari eta Zientzia eta Teknologia Planari zegokienez.
- Ekintzailetzaren arloan, Mondragoneko Berrikuntza, Sustapen eta Ezagutza Sistema ezartzeko prozesurako elkarlana aztertu zen, baita Sustapen Zentro Korporatiboak eta Dibisioetako Zentroek gidatzen dituzten proiektuak gauzatzeko ere. Saiolanek Eskualdeetako Lehiakortasun Guneei egiten dien ekarpena nabarmendu zuten, eta Saiolaneko Finantzaketa Hitzarmen estrukturala mantentzea erabaki zen.
- Enpresa Garapenaren arloan, proiektu estrategiko nagusiak aztertu zituzten, horien artean Citycar-Range Extender eta Orona IDeO Berrikuntza Gunea. Range Extender motor ekologikorako proposamen berritzaile bat da, ibilgailuaren bateria elektrikoa martxan kargatzea ahalbidetzen duena eta, ondorioz, bere autonomia handitzea. Lehenengo prototipoa aurkeztu da dagoeneko, eta orain oso proba zorrotzak egiten ari dira, produktua seriean fabrikatzera zuzenduta. Etorkizunari begira, horrelako proiektu estrategikoetarako inbertsio proiektu berriak eta irtenbide finantzario partekatu berriak ere aztertu zituzten.
- Teknologia eta Berrikuntzaren arloan, 2011. urtean 5 Etorgai proiektu gidatzeko konpromisoa zehaztu zen, baita ere Mondragonen konpromisoa Eusko Jaurlaritzako 2015 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren garapenean aktiboki parte hartzeko. Horrez gain, Korporazioak Europako VII. Esparru Programan duen presentzia bultzatzea erabaki zen, 63 proiektutan parte hartuz eta 16 proiektu gidatuz.
- Nazioartekotzearen arloan, Mondragonen nazioarteko sarea hedatzeko lankidetza modu positiboan baloratu zuten, baita ere atzerrian ezartzeko proiektuen koordinazioari eta Sailaren laguntza programei zegokienez ere.
EAE garatzeko motorra
Bi erakundeen esanetan, "hitzarmenak, gainera, merkatuaren eszenatoki berrira egoki nahi du", hau da, krisiak ekonomia garatu nagusiak astindu dituen eszenatokia, eta Industria Sailaren eta Mondragonen "politikei eta estrategiei ere eragin diela" onartu zuten. Bi aldeek onartu zuten "ohartuta" daudela nazioarteko eszenatoki berriak agertzen dituen "mehatxuei eta aukerei" buruz, eta industri jarduera mantentzen laguntzeko borondate sendoa erakutsi zuten, euren ustez hori delako "Euskal Autonomia Erkidegoaren garapenerako funtsezko motorra".