Abiadura Handiko Trenaren beste bi zatiri hasiera ofiziala eman diete Bergaran

Goiatz Arana Begiristain 2011ko martxoaren 24a

Debagoienetik igarotzen dira biak, Bergara-Bergara eta Antzuola-Ezkio Ekialdea, eta goizean egin dute lehen harria jartzeko ekitaldia Bergarako Kukubason. Horiekin, 13 dira Gipuzkoako adarrean martxan dauden tarteak; ia 80 kilometro ditu lurraldea zeharkatuko duen adarrak eta 43tan ari dira lanean.

Ordezkaritza zabala batu da goizean Abiadura Handiko Trenaren Bergara-Bergara eta Antzuola-Ezkio Ekialdea zatietako lehen harria ipintzeko ekitaldian. Bergaran, Kukubaso inguruan. Bertan izan dira, besteak beste, Pedro Luis Rio Espainiako Gobernuaren Gipuzkoako ordezkariordea eta Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herrilan eta Garraio sailburua.

Trenaren onurak

Azpiegitura honen garrantzia azpimarratu du Riok, Erkidegoko hiru hiriburuak elkarren artean eta Espainiarekin eta Europarekin lotuko dituela esanez; eta gaineratu du "argi izan behar dugula" denok "trenak onura handiak" ekarriko dizkigula. Errepideetatik ibilgailuak atera eta karbono dioxidoaren emisioa txikituko dituela esan du eta ingurumena errespetatuko duela gehitu. Zentzu horretan, Espainiako Gobernua ahalegin handia egiten ari dela azaldu du.

Trenbide berrien eraikuntza proiektuan, Adifek, batez beste, lanen kostu osoaren %12 bideratzen du ingurumena babestera, esan du Riok.

43 kilometro martxan

Iñaki Arriolak hartu du hitza Rioren ondoren eta bere poza agertu du AHTren beste bi zatitako lanei hasiera emateagatik. Eusko Jaurlaritzara ailegatu zirenean azpiegitura osoaren zati bakar batean eta hiru bat kilometrotan ari zirela lanean esan du eta gaineratu gaur 13 tarte eta 43 kilometro daudela martxan –Gipuzkoako adarraren %57–.

2.400 lanpostu

Iaz azpiegitura honetan eta Bilbo eta Donostialdeko metroetan egindako inbertsioei esker 2.400 lanpostu sortu zituztela azpimarratu du eta gehiago izango direla gaineratu.

Gaur lehen harria ipinitako zatiei dagokienean, horietan joango diren zubi eta tunelak azpimarratu ditu.

Metalezko zubi-bidea

Bergara-Bergara zatia 3,1 kilometro luze izango da eta ia erdia bide-zubitik joango da; bide-zubia metalezkoa izango da, –ohikoena hormigoizkoa izatea bada ere–, 900 metroko luzera izango du eta 90 metrotik gorako altuera. Tarte osoak 95 milioi euroko aurrekontua du eta lanak burutzeko 34 hilabeteko epea.

Antzuola-Ezkio Ekialdea zatia 3,4 kilometro luze izango da, 125 milioi euroko diru-partida dute bere eraikuntzarako eta 60 hilabeteko epea.

Urte honetan bertan beste bi zati lizitatzea aurreikusten da: Hernialde-Zizurkil eta Zizurkil-Andoain.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak