Xabier Zubizarreta: "Ezker abertzalea hor egongo da eta non gauden, zer nahi dugun eta nola nahi dugun jakinaraziko dugu argi eta garbi"

Ubane Madera 2011ko martxoaren 24a

Xabier Zubizarreta ezker abertzaleko ordezkariaren ustez Auzitegi Gorenak hartutako erabakia espero zitekeen zerbait izan arren, "injustua" da. Garbi dauka, hala ere, ezker abertzaleak aurrera egingo duela eta uste du halako erabakiek erakusten dutela hartutako "bidea bide zuzen eta egokia dela Euskal Herriaren interesak eta eskubideak defendatzeko".

Zela baloratzen duzu Auzitegi Gorenaren erabakia?

Ez gaitu batere harritzen, kontuan izanda Madriletik Euskal Herriarekiko garatzen dituen politika guztien dituen ezaugarriaka. Edozer gauza espero dezakegu euskal kutsua daukan edozein proposamenen aurrean, eta Madrilgo gobernua ikusten ari da Euskal Herrian indartzen ari dela gero eta gehiago aukera independentista; ikusten ari da politikoki ezinezkoa duela hemen sortzen ari den uholdea geratzea; eta ikusten da edozein modutara prest dagoela gure aldetik datozen proposamen guztiak modu batera edo bestera geldiarazteko. Uste dut Sortu ilegalizatzearen aldeko arrazoia hori baino ez dela dela, ze inondik inora ezingo litzateke ikuspuntu juridiko batetik horrelako erabakirik hartu. Ni seguru nago Sortuk aurkeztu dituen estatutuak gaur egun indarrean dauden alderdi politikoen estatutuak baino hobeto egokitzen direla Alderdien Legera eta epaitegi batendako hori baino ez litzateke izan behar alderdi bat legeztatzeko arrazoia.

Espero zenuten halako zerbait, beraz?

Espero zitekeen zerbait da. Aldi berean ez gertatzeko esperantza pixka bat ere beti daukagu, baina espero zitekeena zen. Hala ere, horrek ez du esan gura ez inondik inora koherentzia logikorik duenik eta justua denik. Injustizia handia da Euskal Herriko sentsibilitate politiko oso garrantzitsu batek berriro ere ez duelako aukerarik izango normaltasunez aurkezteko eta bere iritzia emateko.

Zela eragingo du erabaki honek gero eta indar handiagoa hartzen zebilen ezker abertzalearen, Earen eta Alternatibaren arteko balizko koalizioan?

Eraginik handiena izango da guri lan gehiago emango digula, baina inork ez dezala pentsa ezker abertzalea horregatik geldituko denik. Aurrera segituko dugu, gure marka ezin izango da Sortu izenarekin agertu, baina ezker abertzalea hor egongo da eta non gauden jakinaraziko dugu argi eta garbi, zer egin nahi dugun eta nola. Horrelako erabakiak arrazoi bat baino ez dira erakusteko hartu dugun bidea bide zuzen eta egokia dela Euskal Herriaren interesak eta eskubideak defendatzeko. Estatu espainol atzerakoi eta eskubitarrek menderatzen duten estatuaren eta Euskal Herriaren artean dagoen gatazka horretan, garbi dago halako erabakiek arrazoia dugula berresten dutela, eta zentzu horretan espero dut indartuta aterako garela hemendik ere.

Zela ikusten duzu M22a?

Esperantza handiarekin. Nik uste dut udal hauteskunde hauetan ezkertiar eta aurrerazale garenok urrats garrantzitsua emango dugula. M22a izango da euskaldunok urrats hori emango dugun eguna, eta handik aurrera Euskal Herriko udalgintzan nabarmenduko den data.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak