Neurriko kontsumoa eta gestio iraunkorra dira orain helburuak

Leire Kortabarria 2011ko martxoaren 25a

Ura luxuzko artikulua da jende askorendako, hilaren 22an, Nazioarteko Uraren Egunean UNICEFek eta Osasunerako Mundu Erakundeak  gogorarazi zuten moduan: ia 900 milioi pertsonak ez dute edateko urik, eta munduko biztanleen %39k, hau da, 2.600 milioi pertsona inguruk, ez dute saneamendu zerbitzu egokirik.

Debagoienean ez gaude ur faltan, ez eta, oraingoz, horretaz larritu beharreko egoeran ere. Horretan zorteko gara, hainbaten esanetan ura petrolio berria bilakatzen dabilen garai hauetan. Hala, Urkuluko urtegia, Debagoien ia osoari edaten ematen diona, Gipuzkoako bigarren handiena da, 10.000.000 m3 hartzeko kapazitatearekin, eta egunotan %82 dago beteta.

Iturburu asko bailaran

Urkuluk urez hornitzen ditu Arrasate, Bergara, Oñati, Aretxabaleta, Eskoriatza, Antzuola eta Elgeta. Hura da Debagoienean dagoen Edateko Uren Araztegia izeneko urtegi nagusia. Kalifikazio berbera duen beste urtegitxo bat dago, Gatzaga hornitzen duena: Olaungo iturburua. Horiek biak Gipuzkoako Ur Kontsortzioak kudeatzen ditu. Horiez gain, herri askotan urez hornitzeko erabiltzen dira bertako iturburuak: Arrasaten, Beneraskoa eta Bost Atekoa dituzte; Elgetan, Intxortatik jaisten den ura ere erabiltzen dute; Bergaran ere, Elosua auzorako iturburu bat dago; eta Antzuolan, Abaroko iturburua dute. Debagoieneko baserriguneetan iturburu txiki asko daude, eta horietatik edaten dute haiek.

Aramaio kasu berezia da: hor lau urtegi txiki edo depositu garrantzitsu dituzte: Etxaguengoa, nagusia, erdigunea ere hornitzen duena; Gantzagakoa, San Asentsiokoa eta Olaetakoa. Urak tratatzeko bi gune ere badituzte: Azkoagakoa eta Arrikoitikoa. Horrela, bada, Aramaion herrian bertan betetzen da uraren zikloaren lehen zatia, ura sortzen den lekutik herritarrenganaino.

Kobratzeko hainbat modu

Uraren zerbitzua emateko moduak ere bat baino gehiago dira. Oñati, Antzuola eta Elgeta Gipuzkoako Ur Partzuergoan daude, eta hark kudeatzen du; baita urteroko tarifak eta tasak ezarri ere. Gainerako herrietan, udalak ematen eta kudeatzen du zerbitzua. Horrek eragiten du tarifikatzeko moduak desberdinak izatea. Denek dituzte ezaugarri berdin batzuk, hala ere: denek dute tarifa edo tasa finko bat, zerbitzua ematearren –ura etxean edukitzeko aukerarengatik– kobratzen dena; horrez gain, kontsumoaren araberako tarifa bat, ura kontsumitzen den ala ez kontuan hartuta, eta zenbat kontsumitzen den. Bestalde, ura ordaintzen denean, ordaintzen ditugu ere arazketa edo depurazio zerbitzuak, saneamendu plana (hondakin urak jaso, garraiatu eta tratatzeko zerbitzua), estolderia… hau da, uraren ziklo osoa.

Ezaugarri orokor horietatik abiatuta, herri bakoitzak bere tarifak ezartzen ditu, udal ordenantzen bidez. Tarifak ezartzeko irizpideetan badaude aldeak.

Gipuzkoako Ur Kontsortzioan dauden herriek aukera daukate uraren ziklo osoa haren esku uzteko, eta hori da Antzuola, Elgeta eta Oñatiren kasua. Kontsortzioak ez du kontsumo minimo bat ezartzen, eta, 2010eko tarifetan, kontsumitutako metro kubiko bakoitza 0,543 eurotan kobratzen zuen, BEZa aparte. Tarifa mota asko daude, baina esandakoa da oinarrizkoa.

Beste herri askotan, tasa finko bat egoteaz gain, kontsumo-tramuka kobratzen da. Lehenengo tramua edo gutxieneko kontsumoa da 30 m3-koa herri batzuetan, 50 m3-koa beste batzuetan… Horrek esan nahi du abonatu guzti-guztiei kobratzen zaiela tramu hori. Baina hor ere, modu desberdinak daude: herri batzuetan –Arrasaten edo Bergaran, kasu–, kontsumitutako m3 bakoitzarengatik ordaintzen da. Adibidez, Arrasaten, 50 m3-ko kontsumora arte 0,50 euro ordaintzen dira m3 bakoitzeko, eta hortik gora, euro bat m3 bakoitzeko. Bergaran ere, bi tarifa daude: 50 m3 arte, 0,936 euro m3 bakoitzeko, eta hortik gora, 1,508.

Eskoriatzan, adibidez, 20 m3 arteko kontsumoa tarifa finkoa ere bada: 22,63 euro ordaintzen da, edozein ur kopuru kontsumitu dela. 21 m3 eta 60 m3 arteko kontsumoagatik, 0,1 euro/m3 kobratzen da, eta 61 eta 90 m3 artean kontsumitu dutenei gehiago kargatzen zaie: 61 eta 90 m3 artean, 1,53 euro/m3.

Uraren fiskalitatea berdintzeko helburuarekin sortu zen Ura agentzia. Bere helburuetako bat da ziurtatzea Euskadiko erabiltzaile guztiek berdin ordaintzea ur m3 bakoitzeko.

Bonifikatzea, zaila

Adituek diote herrialde industrializatuetan ura ardura barik gastatzean oinarritutako politikak egiten direla. Hori aldatzeko, 2000 ezkero Europako Batasunak 2000/60/CE izeneko Uraren Zuzentaraua edo Direktiba dauka, ura baliabide gisa babesteko eta herrialde guztiek antzera kudeatu dezaten lortzeko.

Direktibak neurri edo betebehar asko zehazten ditu, eta, besteak beste, ur zerbitzuak kobratzerakoan uraren "zentzuzko erabilera" eta "ura aurreztea" sustatzen edo promozionatzen duten politikak jarraitzeko esaten du. Horren barruan, bultzatzen du uraren zerbitzu osoarengatik erakunde berberak kobratzea, eta benetan kontsumitzen dena kobratzetik gero eta gertuago dauden tarifak ezartzen joatea. Horixe da, hain zuzen, Aramaion egin nahi dutena, Xabier Legorburu arduradunak esaten digunez: "Europako Direktibari jarraituz, uraren ziklo osoari dagokion fakturatzeko modua erabiltzen hasiko gara. Berrikuntza hori Zerbitzu Batzordeak onartu du, eta aurten jarriko da martxan".

Ura kobratzeko eskalak egiterakoan, filosofia bat egoten da atzean: bonifikatzea neurriz kontsumitzen dituztenak, edo, kasuan kasu, familia ugariak edo beharrak dituztenak. Baina administrazioek ez dute marjina handirik: ur soila euro bat inguru ordaintzen dugu metro kubikoko; fakturan datozen beste kargu gehienak tasak edo bestelako kontzeptuak dira, eta horiek denondako berdinak izan behar dira, legez. Horregatik, administrazio bakoitzak bakar-bakarrik kontsumitzen den kopuruaren tarifan eragin dezake; eta tarifetan ze erabiltzaile mota bonifikatu eta zein ez erabakitzea ere zaila da.

Ordenantza 'iraunkorrak'

Europako Zuzentarauak agintzen dituen beste neurri batzuen artean daude erakunde arduradun bakoitzak egin beharreko lanak: esaterako, ur-ihesak gerta ez daitezen ziurtatzea, kontsumoa planifikatzea… Eta bailarako herriak ere badabiltza ur zerbitzua gaur egungo behar eta joeretara egokitzen.

Horren eredua da Eskoriatzako Udalak 2009tik daukan Uraren Gaineko Ordenantza, ura modu arduratsuan erabiltzeko eta kudeatzeko helburuarekin. Beste neurri batzuen artean, esaten du eraikin berrietan eta guztiz berritzen direnetan ura modu arrazionalean, bere neurrian eta barra-barra gastatu barik kontsumitzeko neurriak ipini beharko direla; euri-ura batzeko eta erabiltzeko tresnak ere aurreikusten ditu; eta erabilitako urak beste modu batera berriz erabiltzeko moduak ere bai.

Bergarako Udala ere ordenantza berri bat prestatzen dabil. Helburua da ura aurreztea eta "ur-baliabideak hobeto erabiltzea", udal arduradunen esanetan.

Eragiteko beste modu bat da herriko ura hobeto aprobetxatzea eta herrirako sareak osatzen joatea. Arrasaten, Benerasko eta Bost Ate iturburuetako ura aspalditik erabiltzen da, eta iaztik Udala lanean dabil, horietako ura erabilita, herrian ur-sare alternatiboa eraikitzeko, herri osoa zeharkatuko duten hodiekin. Dagoeneko herrian erabiltzen den uraren %10 iturburu propioetatik dator.

Antzuolan, Abaro (Lizarraga) iturburuko ura Galartza eta Irimora eramateko asmoa dute. Azpiegituraren zati bat eginda dago: Iturbe-txikin depositua dute, eta 1,5 km-ko hoditeria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak