Kutxak, BBK-k eta Vitalek euskal banku-talde handiena osatuko dute

Leire Kortabarria 2011ko mar. 24a, 13:03

Kutxak, BBK-k eta Vital Kutxak bat-egite hotza egingo dute, hau da, bat egingo dute baina norberak bere izaera gordeko du. Kutxak eta Vitalek jakinarazi zioten atzo Balio Merkatuaren Espainiako Batzordeari "banku lizentzia" baten bidez hasiko zutela bion arteko bat-egitea.

Jakinarazpen berean, hiru kutxetako presidenteek esan zioten ados jarri direla hiru kutxak bat egiteko, "banku-lizentzia baten bidez, norbere nortasuna eta erakundeei eutsita".

Hala, Euskal Herriko banku-talde handiena eta Hego Euskal Herriko eta Espainiako bosgarren handiena izango dira.

Behin betiko akordioa egiten denean, hiru kutxek onartu egin beharko dute, eta segituan BMEBi jakinaraziko diote.

Hirurek 80.000 milioi euroko aktiboak dituzte. Hego Euskal Herrian eta Espainian diharduten banketxeetatik, horren gainetik daude bakarrik Bankia, La Caixa, Banco Base eta Unicaja, Caja España eta Caja Duerok osatzen duten taldea. Denetara, aipatutako hiru euskal kutxek 900 bulego dituzte, Euskal Herrian eta kanpoan.

Caja Vitalek dauzka 130 bulego eta 730 langile; Kutxak, 347 bulego eta 2.589 langile; eta BBK-k (berriki berak xurgatutako CajaSur kontuan hartu gabe), 407 bulego eta 2.638 langile zituen 2010 bukatzerakoan.

BBK-k CajaSur erosi zuen. Dotazioetarako 251,2 milioi eman ondoren, 257,8 milioiko irabaziak izan zituen, 2009an baino %10,7 gutxiago. Bezeroen marjina %20,8 murriztu zen.

Caja Vital Taldeak 38,64 milioiko irabazi garbiekin bukatu zuen iazko jardunaldia, 2009an baino %43,5 gutxiago. Dotazioetarako 49,31 milioi ipini zituen, aurreko abenduan baino %70,72 gehiago.

Caja Gipuzkoa San Sebastian Kutxak (Kutxa) 69,4 milioi garbi irabazi zituen iaz, 2009an baino %32,7 gutxiago, dotazioetarako diru asko ipini zuelako. Irabazi errepikaria (ohiko lanagatik dituen irabaziak, irabazi estrak kontatu barik) 163 milioikoa izan zen, 2009an baino %11 gutxiago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak