Auzitegi Gorenak atzera bota du Sortu erregistratzea

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko martxoaren 23a

Espainiako auzitegiko hamahiru magistratu agertu dira Sortu erregistratzea ez baimentzearen alde eta hiru kontra. Sortuk Konstituzionalera helegitea sartzeko aukera dauka. Sortu Batasuna legez kanpoko alderdiaren jarraipena dela diote Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak eta Goreneko epaileek arrazoia eman die. Bi auzi saioren ostean, gaur hartu dute erabakia goizean goizetik aztertzen eman ostean.

Erabaki honekin, Fiskaltzari eta Estatuaren abokatuari arrazoia eman die Gorenak. Sortuk ez duela ETArekin eta Batasuna ezker abertzaleko legez kanpoko erakundearekin hautsi, eta Batasunaren jarraipena dela zioten.

Defentsak berretsi egin zuen haustura egon dela. Ezker abertzaleko eztabaidak ETArekin haustea ekarri duela esan zuen Iñigo Iruin abokatuak, eta adierazi zuen inoiz ez dutela ukatu Sortu ezker abertzaleko alderdia dela baina, legearen arabera, hori ez dela nahikoa legez kanpo uzteko.

Hauteskundeetan aurkeztu ahal izateko, alderdiek eta alderdien arteko koalizioek lehendabizi ordezkari orokor bat izendatu behar dute Hauteskunde Batzorde Zentralean. Hauteskunde deialdia egin eta bederatzi egun bete baino lehenago egin behar dute, Hauteskunde Legearen arabera. Ordurako, alderdiak erregistratuta egon behar du. Udal eta foru hauteskundeak maiatzaren 22an izango direnez, tramite hori martxoaren 29tik apirilaren 6ra bitartean bete beharko dute. Alderdi berriak hauteskundeetan aurkeztu ahal izateko, apirilaren hasierarako legeztatuta egon beharko du.

Apirilaren 13tik 18ra aurkeztu behar dituzte zerrendak alderdiek, koalizioek edo hautesle elkarteek zerrendak.

Erreakzioak

Agintariek eta alderdi politikoek erabakia jakin eta berehala emandako iritziak jaso ditugu. Hona hemen:

Markel Olano, Gipuzkoako Diputatu nagusia: "Auzitegi Gorenak Sortu ez legeztatu izana albiste txarra da gure herriarendako. Epaiaren balorazio txarra egiten dut, gure jendartearen kalitate demokratikoa hondatu egiten duelako eta, aldi berean, bakea eta elkarbizitza eraikitzeko oztopoak gehitzen dituelako".

"Sortu hurrengo hauteskundeetan egon behar da. Eta, zentzu honetan, espero dut Auzitegi Konstituzionalak aldatzea Gorenaren erabakia. Euskal jendarteak ez luke beste erabakirik ulertu eta onartuko. Erantzun behar dugu eta sendotu demokraziaren eta giza eskubideen aldeko apustu irmoa".

EAJ: "Sortu ez legeztatzea albiste txarra da; izan ere, Sorturen estatutuak goitik behera betetzen dute legeak dioena. Auzitegi Gorenaren erabakia baldintzatu du bizi dugun egoera politikoak".

EA: "Demokraziari batere mesederik egiten ez dion albiste txar bat da hau".

EB-Berdeak: "Onartzen dugu baina ez gatoz bat epaiarekin, bakarrik arrazoi politikoak hartu dituztelako aintzat, Estatuko Abokatuaren eta Fiskalaren iritzia oinarri hartuta".

Jesus Egiguren, PSE-EE: "Arrazoi politikoei begiratuta, legeztatu izana gustatuko litzaidake, baina onartzen dut epaia".

Jon Abril, Aralar: "Beste behin agerian utzi digute botere judiziala ez dela independentea eta arrazoi politikoetan oinarrituta hartzen dituela erabakiak".

Oskar Matute, Alternatiba: "Milaka herritarren parte hartze politikoa bahitzeko beste saiakera bat da hau".

Iñaki Oiartzabal, PP: "ETA behin betiko desager dadin beste aurrerapauso bat da".

Jose Antonio Pastor, PSE-EE: "Ez da balorazioak egiteko momentua, Auzitegi Gorenaren epaia onartu eta errespetatzekoa baizik".

Albistea hedabideetan

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak