Umeak zaintzeko prestazioa eta absentismoaren aurkako neurriak, gaur Lagun Aroren batzar orokorrean

Leire Kortabarria 2011ko martxoaren 23a

Bi gai garrantzitsuren gainean erabaki beharko du Lagun-Aro ESPV-ren Batzar Orokorrak gaur, eguaztena. Horren berri ematen du TU Lankide aldizkariak. Gai bat izango da gaixotasun larriak dituzten adingabeak zaintzeko prestazio berria, eta bestea, Behin-behineko Ezintasuna delako prestazioaren arauak aldatzea. Batzar Orokorra Amaia antzokian egingo dute.

Batetik, Batzar Orokorrari eskatuko zaio prestazio berri bat sar dezan Lagun Aroren estalduran: minbizia edo beste gaixotasun larri bat duten adingabeak zaintzea. Prestazio hori Gizarte Segurantzak ematen du urtarrilaren 1a ezkero. Lagun Aroren barruan, umearen gurasoak errekonozituko ditu. Baldintza da umea ospitalean "epe luzerako" egon behar izatea. Prestazioak iraungo du umea ospitalean dagoen eta tratamenduak irauten duen bitartean. Onuradun izateko, gurasoak lan-jarduera gutxienez erdira murriztu beharko du, eta Gizarte Segurantzak ere prestazio berbera errekonozitu beharko dio aurretik. Lagun Aroren prestazioak hura osatuko du.

%5,76ko absentismoa

Bestetik, Behin-behineko Ezintasun prestazioaren arauak aldatzea proposatuko diote Batzar Orokorrari. Izan ere, 2010ean absentismoa handitu egin zela ikusi du Lagun Arok (2008an %4,93koa izan zen; 2009an, %5,11koa, eta iaz, %5,76koa), eta horrek eragin du prestazioak saldo negatiboarekin bukatzea 2010a (-1,7 milioi).
Egoera horri buelta emateko asmoz, Errektore Kontseiluak neurri batzuk proposatzen ditu, eta tartean daude kooperatibek ikertzea 30 egun baino gehiago duten espedienteak, eta diru-prestazioaren ezaugarri batzuk aldatzea.

Absentismoari eragiteko proposatutako neurriak:

  • Batzar Orokorrari proposatzen zaio lehen hiru egunetan kooperatibari egoztea prestazioaren kostuaren erdia; kooperatibei aukera ematea baja sarrien kasuan  lehen hiru egunetako Kontsumo Aurrerapenaren %80 ez ordaintzeko; eta zigorrak beste modu batera kalkulatzea: kontsumitu daitekeen %100 edo %110 kontsumitzen bada, kontsumitu daitekeena eta kontsumitu denaren aldearen erdia izatea zigorra.
  • Hileko kontsumoaren %4,80ko aurrerapen- kuota proposatzen da neurri horiek onartzen badira; ez badira onartzen,  %5,50ekoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak