Ospitale berriak sarrera, lau solairu eta bi soto izango ditu. Guztira, 13.600 metro koadro. 76 ohe ipiniko dituzte. Oraingo ospitaleak baino bi ebakuntza-gela gehiago izango ditu –orain arte lau, eta gero sei–. Jon Armentia gerenteak esan du espezializazio gehiago izango dituela ospitaleak: endokrinologia eta kirurgia urologikoa, hain justu ere. Bestalde, endoskopia unitatea izango dute. "Digestio eta arnas endoskopiak egingo ditugu. Espezializazio berriarekin gaixoak denbora gutxiago egongo dira ingresatuta", esan du Armentiak.
Informazio bera
Bestalde, Rafael Bengoak azpimarratu zuen osasun zentroetan eta ospitalean emango den informazioa bera izango dela: "Bailarako edozein osasun zentrora doan erabiltzaileak hango informazio gunetan ikusiko duena, ospitalean ikusiko denaren bera izango da. Lehen mailako arreta ematen duten zentroen eta ospitalearen arteko hartu-emana indartu egingo dugu. Espainiar estatuan lehenetarikoak izango gara, Valentziarekin batera".
Debagoieneko Ospitaleak ia 30 milioiko aurrekontua izan du. Horietatik, lau milioi hornikuntzan erabili dituzte.