Antzuola eta Bergara lotuko dituen bidegorriaren bi zatiren irekiera ekitaldia egin dute gaur goizean. Zehazki, Antzuolako herri gunetik Matz Errekako industrialdera doan zatiarena eta Ariztiberri baserritik Galartzarako zubiraino doanarena.
Bidegorria 1.525 metro luze da eta 3 metro zabal ditu. Bidea egokitzeko hainbat azpiegitura-lan egin dira, besteak beste: harri-lubetazko zein hormigoizko zenbait horma jaso dira eta baita eraginkortasun energetiko handiko farolak jarri ere. Bidegorriaren bi zatiak egiteko 538.000 euro inbertitu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Inaugurazio ekitaldian izan den Carlos Ormazabal Garapen Iraunkorreko diputatuak adierazi du Debagoienean bidegorrien sarea osatzeko inbertsio handia egin duela Foru Aldundiak.
Behin-behineko zatia
Pedro Iturbe Antzuolako alkatea eta Agurne Barruso Bergarako alkatea, ordea, ez dira Ormazabal diputatua bezain baikor azaldu. Antzuolako alkateak adierazi du bidegorria berandu iritsi dela eta oraindik ikusteko dagoela zer gertatuko den egin gabe dagoen zatiarekin.
Gaur inauguratu den zatietako bat behin-behinekoa da; Ariztiberri baserritik Galartza zubiraino doana, zehazki. Laster egitekoa den Beasain-Durango autobideak eragingo dio horri, eta, ondorioz, asfaltatu gabe dago. Autobideko lanak 2011ean hasiko direla aurreikusten da eta errepide berri hori egiten denean, bidegorria berregingo da, asfaltatuta eta argiak jarrita, lehenengo faseari jarraipena emanez.
Agurne Barruso alkatea ere ez da pozik azaldu. Ekitaldira bidegorritik oinez iristen saiatu arren, Bergarako bidegorri zatia eraiki gabe dagoenez ezin izan duela esanez agurtu du Ormazabal diputatua inaugurazio ekitaldia hasi aurretik.
Bergara "irla"
Barrusok adierazi du Bergara irla modura gelditzen dabilela. Izan ere, bidegorriak egin diren arren, Bergararekin loturak falta direla. Horren adibide jarri ditu Bergara eta San Prudentzio tartea eta Bergara eta Soraluze artekoa.
Bergarako alkateak gaineratu du Diputazioak zor historiko bat duela Debagoienarekin. Zehaztu du autobidea egin zenean, errepide horren lanek eragindako kalteen ordainetan, Diputazioak bidegorriak egiteko konpromisoa hartu zuela, eta bere ustez hori ez dela betetzen ari. Horrela, bidegorriari lehentasuna emateko eskatu dio Foru Aldundiari.
Bidegorri osoa 2012 edo 2013rako
Bidegorriko azken zatia, Galartzarako zubitik Bergararaino, kolektoreko lanekin batera egingo da. Ormazabal diputatuak azaldu duenez, 2012 edo 2013rako egongo da bukatuta kolektorea eta ordurako egingo dute bidegorriaren azken fasea ere.