Honako haur eskolek bat egin dute gaurko lanuzterako deialdiarekin: Arrasateko Bedoñabek, Oñatiko Txiki-Txokok, Eskoriatzako Kulunkak, Antzuolako haur eskolak eta Elgetakoak. Hala ere, eta gobernuak ezarritakoari jaramon eginez, guztiek %25eko zerbitzu minimoak eman dituzte.
Eskoriatzako Kulunka haur eskolako koordinatzaileak eta hezitzaileak esan digu sektorean egiten dabiltzan murrizketak hasi direla igartzen bai pertsonalean eta baita ekonomikoki ere.
Lanuzteak goizeko 11:00etatik 14:00etara bitartean egin dituzte eta arrazoiak dira murrizketak sartzen hasi direla haur eskola Partzuergoan eta baita pertsonalean ere, besteak beste. Esaterako, ordezkapenetan ere murrizketak izan dituzte; gaur egun ordezkapenak ez dira egiten, edota bestela, lan-jardun erdikoak izaten dira.
Elorzak gaineratu digu hori guztia zerbitzuan igarri egiten dela; lan egiterako orduan kalitatea ez delako berdina pertsonalean ere murrizketak daudelako eta horrek ume eta gurasoengan duela eragina.
Zerbitzu minimoak
Esaterako, Eskoriatzako Kulunka haur eskolan 3 hezitzailek egiten dute lan, 0 eta 2 urte bitarteko 12 ume hezten. Gaur, baina, lanuztea dela eta, ohi baino hezitzaile eta ume gutxiago egon dira; goizean, bi hezitzaile eta lau ume egon dira eta lanuztearen denboran, zerbitzu minimoak eskainita, hezitzaile eta ume bakarra izan dituzte haur eskolan.
Hurrengo lanuztea, eguenean
Gaurko lanuzteekin ez badiete sektoreko zerbitzu eta kalitatean hobekuntzak egingo direla baieztatzen, aurreikusita dute hurrengo eguenean ere lanuzteak egitea, gaur bezala, goizeko 11:00etatik 14:00ak bitartean.