Herri askotako irabazleak, Debagoieneko erretiratuen mahai-joko txapelketan

Julen Iriondo 2011ko martxoaren 22a

Debagoieneko erretiratu elkarteetako 65 lagun inguruk hartu dute parte txapelketan. Elkarte bakoitzean egin zituzten aurrena txapelketak, eta haietako irabazleak dira orain lehiatu direnak. Debagoienekoan irabazle izan direnek Urolakoen kontra jokatuko dute orain.

Hauek izan dira Arrasateko Abaroa elkartean jokatutako Debagoieneko txapelketako irabazleak: xakean, Bergarako San Joxepeko ordezkariak; billarrean, Abaroa bertakoak; dominoan, Oñatiko Pake Lekuko kideak; punttoan, Antzuolako Landa Txopekoak; briscan, Leintz Gatzagako Toki Ederrekoak; musean, Arrasateko Uribarrikoak; eta tutean, Abaroakoak.

Gipuzkoako erretiratuen arteko mahai-joko txapelketak bere bidea jarraitzen du honela. Arrasaten garaile izan direnek Legazpi, Zumarraga eta Urretxuko ordezkarien kontra jokatu beharko dute orain. Hor garaile ateratzen direnek Goierri eta Tolosaldekoen kontra.

Txapelketaren beste adarrean Gipuzkoako beste lau eskualdeetako erretiratu elkarteetako kideak ari dira lehian. Debagoieneko adarreko onenek beste adarreko onenen kontra jokatuko dute azkenean finala, Donostian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak