Lau hilabetean, 2009 osoan baino olio gehiago batuko da

Leire Kortabarria 2011ko martxoaren 24a

Hemendik hilabete ingurura, etxeko olio erabilia batzeko sistemaren emaitzek Puntu Berde Mugikorrak, aurreko sistemak, lortutako emaitzak gaindituko dituzte. Aldea nabarmena izango da, gainera: urte erdi baino epe laburragoan, olioa batzeko sistema berriaren bidez olio erabili gehiago egongo da jasota, urte oso baten Puntu Berde Mugikorraren bidez jaso zena baino.

Ondorio hori atera daiteke, Debagoieneko Mankomunitateak orain arte dituen datuei begiratuta: hala, pote bidezko sistema martxan jarri zenetik, urtarriletik, martxoaren 16ra arte, Debagoieneko zortzi herrietan eta Aramaion, 12.568 litro olio zeuden batuta; eta Puntu Berde Mugikorrean, 2009 osoan, 17.530 litro batu ziren. Kristina Iraolagoitia Mankomunitateko Ingurumen teknikariak dioenez, "seguru asko, apiril aldean ailegatuko gara Puntu Berde Mugikorrak 2009 osoan batu zuen litro kopuru berera".

Sistema hori Arrasaten asmatutakoa da, eta gaur egun Arrasateko Eko3r enpresak kudeatzen du. Eurek ere "balorazio ona" egiten dute, Eko3r-ko Lierni Lekuonaren hitzetan: "Hiletik hilera handituz joan da batutako olio kopurua, eta urtea bukatu orduko, pertsona bakoitzeko litro bat olio batzera ailegatuko gara. Hortaz, helburua bete da".

Herririk herri, honako litro kopuruak batu dituzte urtarriletik martxo erdialdera arte: Arrasaten, 4.601; Bergaran, 2.647; Oñatin, 2.068; Aretxabaletan, 1.436; Eskoriatzan, 834; Antzuolan, 350; Aramaion, 246; Elgetan, 232; eta Leintz Gatzagan, 154.

Horrek guztiak bere isla dauka dirutan, energian eta ingurumenean. Izan ere, harraskatik, fregaderatik behera botatzen den olio litro bakoitzak 1.000 litro ur kutsatzen ditu, Eko3r enpresaren datuen arabera; eta ur hori depuratu daiteke, baina gainkostu bat dakar: litro bat koipe depuratzea 2,50 euro inguru kostatzera ailegatu daiteke.

Azkenik, norberak 20 litro olio kontsumitzen ditu urtean, eta horietatik lau alperrik galtzen dira. Baina poteetan eta makina inteligenteotan batzen den dena birziklatu eta berriz erabiltzen da, erregaiak edo beste produktu batzuk egiteko.

Segituan ikasita

Beste emaitza positibo bat da, makinak erabiltzen samurrak direnez, ez dela aparteko arazorik egon, Kristina Iraolagoitia teknikariak dioen moduan: "Ez da intzidentziarik egon; jendeak ondo ikasi du zelan erabili makinak". Traba bakarra hasieran izan zen: "Poteak banatu behar genituenean izan genituen arazo batzuk, herritar batzuk kanpoan zeudelako edo ezin izan genielako potea helarazi. Baina hori hasierako arazoa izan zen, eta behin-behineko kontua izan zen".

Erabiltzeko, kontrolatzeko  zein mantentzeko, denerako erraztasunak ematen ditu oraingo metodoak, aurrekoekin konparatuta, batez ere (Puntu Berde Mugikorraz gain, olioa makinetan batzeko beste modu bat probatu zen Eskoriatzan): erabiltzaileoi dagokienez, Debagoien osoan 32 makina daude, eta beti dago gutxienez bat norbere etxetik gertuan; horrez gain, asteko edozein egunetan eta eguneko edozein ordutan bota daiteke betetako potea makinara, eta beste bat jaso lekuan bertan. Puntu Berde Mugikorrarekin, ezin zen hori egin; bakarrik leku jakin batzuetan eta ordutegi jakin batekin eraman zitekeen hara olioa. Horrez gain, makina berrirako poteak ere sareak berak ematen ditu.

Mantenu aldetik ere, momentu guztietan kontrolatuta dago sarea: GSM sistemaren bitartez, Eko3r enpresarekin konektatuta daude makina guztiak, eta enpresak jakin dezake momentu bakoitzean makina bakoitza noraino dagoen beteta. %80 beteta dagoenean, Eko3r enpresa arduratzen da ontziak jasotzeaz eta mantenu lanak egiteaz.
Bestalde, enpresak Debagoieneko Mankomunitateari ere jakinarazten dizkio une oro zelan dagoen makina bakoitza, eta Mankomunitateak egon diren intzidentzia eta gorabehera guztien zerrenda izaten du, makina bakoitzeko zehaztuta. Azkenik, udal bakoitzak bere herriko makinen berri ere jasotzen du unetik unera.

Gero eta gehiago batu

Sistema berria ezarri baino lehenago ere, jendeak gero eta kontzientzia handiagoa zuen erabilitako olioari burubide ekologikoa emateko: "Gero eta olio gehiago batzen da. Horrek esan nahi du jendeak gutxiago botatzen duela harraskatik behera", esaten du Kristina Iraolagoitiak.

Hala, Puntu Berde Mugikorrarekin ere, urtetik urtera olio gehiago batzen zen; adibidez, 2008an, Arrasaten, 833 litro batu ziren, eta 2009an, 870. Mankomunitateko Ingurumen Teknikariak gaineratzen duenez, harraskatik behera botatzen den olioak beste arazo batzuk sortzen ditu, kutsaduraz gain: "Etxeko hodiak-eta itxi egiten ditu, eta zikinkeria ere sortzen du; ikusi izan da arratoi gehiago erakartzen dituela".

Biak izan zituzten Arrasaten

Arrasaten ikus dezakegu bi metodoen arteko kontrastea, eta argi geratzen da jendeak harrera ona egin diola makina sareari. Izan ere, orain Debagoien osoan dauzkagun makinak 2007ko apirilaz geroztik dituzte han, baina Puntu Berde Mugikorra ere izan dute 2011n kendu zen arte.

Bada, arrasatearrek hasieratik erabili izan dituzte makina berriak gehiago Puntu Berde Mugikorrera olioa eramateko aukera baino, eta horregatik, Puntu Berde Mugikorrean 2006an utzi zen olio gehien Debagoienean (4.885 litro batu ziren horren bidez Arrasaten). 2008an, 17.621 litro olio batu ziren denetara Arrasaten, eta horietatik gehienak, 16.788 litro, makinetan; 2009an, denetara 17.855 litro batu ziren, eta makinetan, 16.985.

Eredu arrakastatsua

Orain erabiltzen den olioa batzeko sistema Debagoienean sortua da, eta Gipuzkoan "Debagoiena da erreferentzia" horren erabilpenean.

Baina eredua arrakastaz esportatu du Eko3r enpresak: batik bat Bizkaian erabiltzen da, hainbat herritan –Iurretan, Balmasedan, Mañarian, Zaldibarren, Berrizen eta beste udalerri batzuetan– eta Araban ere, Aramaioz gain, Artziniegan ezarrita dago. Eko3r-ko ordezkari Lierni Lekuonak hauxe esaten digu: "Katalunian ere 7-10 bat makina ipinita dauzkagu, eta gure helburua da herri gehiagora zabaltzea eredu hau".

Mantenu aldetik, makinek "batere gorabeherarik ez" dietela eman esaten du Lekuonak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak