Honako haurreskolek bat egin dute gaurko lanuzterako deialdiarekin: Arrasateko Bedoñabek, Oñatiko Txiki-Txokok, Eskoriatzako Kulunkak, Antzuolako haurreskolak eta Elgetakoak. Hala ere, eta gobernuak ezarritakoari jaramon eginez, guztiek %25eko zerbitzu minimoak emango dituzte.
Azken horren harira, LAB sindikatuak salatu du "gutxieneko zerbitzu horiek gehiegizkoak" direla. Sindikatu abertzalearen ustez, "lanuztea arrakastatsua izan ez dadin langileen gainean presioa" egiten dabiltza.
Murrizketak
Lanuzteari berari dagokionez, berriz, LAB, STEE-EILAS eta ELA sindikatuek deitu dute protestaldia, euren esanetan, 2009a ezkero Partzuergoa langileen kontura dirua aurrezten dabilelako. Iaz Hezkuntza Sailak soldatetan ezarritako %5eko murrizketari, 2009an izandako %1ekoa gehitu behar zaio. Horretaz gainera, salatu dute aurten Partzuergoak %1,4 txikitu nahi dituela.
Sindikatuen arabera, horri ordezkapenetan dauden atzerapenak eta lan ordutegitik kanpo sartutako orduak gehitu behar zaizkio. Horrek guztiak haurren ongizate eta heziketa eskubidean eragina duela deitoratu dute.