Debagoieneko hainbat enpresa izango dira Ferroforma azokan

Leire Kortabarria 2011ko martxoaren 21a

Bailarako hainbat enpresa, gehienak sarrailagintza sektorekoak, izango dira hilaren 23tik 26ra egingo den Ferroforma nazioarteko azokan, BECen. Tartean daude, adibidez, Alejandro Altuna, Feliciano Aranzabal, Altuna Hermanos, Goizper, Jaz, Osintxu Mecanizados, Tesa, AGA edo UCEM, beste batzuen artean.

Ferroformak 19. edizioa du, eta Bricoformak, 4.a. Biak batera egiten dira. Azoka bateratu hori etzi, eguaztena inauguratuko du BECen Bernabe Unda Industria sailburuak.

Ferroformak eta Bricoformak Hego Euskal Herrian eta Espainian egiten diren azoka garrantzitsuenen artean daude burdineria eta sarrailagintza sektoreetan. Bertan, enpresek euren negozio-aukerak landu ditzakete, eta informazioa lortu zein euren zerbitzu premia bete. Horregatik, Euskal Herriko zein beste herrialde askotako enpresak egongo dira bertan.

Denetara, 150.000 m2-ko azalera hartuko du azokak. BECeko sei pabilioiak erabiliko ditu. Konbentzioetarako, 2.500 lagunendako 12 areto erabilgarri izango ditu.

Honako ekintzak ere izango dira azokak dirauen bitartean:

  • Espainiako burdindendarik onenak: 10 kasu arrakastatsu.
  • Jardunaldia: Logistika eta burdineria.
  • Jardunaldia: Eraginkortasun eza eta sektore arteko komunikazio aurrezpenak.
  • Erakusketak - Ibilgailuak konpontzeko tailerrentzako burdineria tresnei eta bestelako produektuei buruzko lehiaketa.
  • Erakusketak – Instalakuntzako profesionalentzako burdineria tresnei eta bestelako produektuei buruzko lehiaketa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak