1. Zenbat aldiz jo duzu hatza mailuarekin?
Askotan, baina ez dago arazorik.Gauzak egin egin behar dira, batzuetan kostata, baina garrantzitsuena emaitza da. Egiterakoan ondo pasatzen baduzu, askoz hobeto!
2. Dekoratzeko orduan zerk du garrantzia handiagoa, irudimenak ala aurrekontuak?
Dena hartu behar da kontuan: gauza asko daude oso garestiak direnak, eta beste batzuk, irudimen handikoak izan arren, ez dira praktikoak.
3. Gotelea, bai ala ez?
Ez! Inork ere ez du nahi, gure programan gehien egiten duten galdera hori izaten da, nola kendu. Eta ez da batere erraza. Gaizki egindako obrak disimulatzen ditu: bere garaian txapuza asko egiten ziren gotelearen aitzakian.
4. Nolakoa izango litzateke zure ametsetako etxea?
Argitasun eta espazio handiarekin. Gaur egun ez da halakorik: hiru seme-alaba ditut, eta dena geratzen da txiki.
5. Kasualitatez ei zara telebistako aurkezle.
Kasualitatez, kasualitatez... Ez nuen bilatzen: ez dut Kazetaritza ikasi, baina casting batera aurkeztu nintzen eta... Kasualitatea bilatu egin behar da, baita zortea ere.
6. Txutxu-mutxuak landu zenituen urtetan. Nola ikusten duzu gaur egun panorama?
Pila bat aldatu da; gure saioa oso zuria zen. Gaur egun, panorama oso desberdina ikusten dut: pertsonaiek denari jartzen diote prezioa, elkarrizketei... Guk ez genuen inoiz ere ordaindu. Gauzak ez dira hain naturalak.
7. Bide batez, zer moduz dago Txetxu Ugalde?
Badugu harremana, askotan egoten gara telefonoz. Oso ondo dago.
8. Madrilen ere ibili zinen aurkezle. Alde handia dago?
Ez. Horretara joan nintzen, desberdintasunak ikustera. Alde handiagoa egongo zela uste nuen, baina ez: profesional onak eta txarrak alde guztietan daude. Han diru gehiago dutela? Emaitzek askotan ez dute diruarekin zerikusirik.
9. Aktore moduan ere ikusi izan zaitugu. Gehiago egiteko gogoz?
Eskaintzen badidate, eta dibertigarria edo aberasgarria bada, bai noski! Egin ditudanak eskaini dizkidatelako izan da; beti gustatu izan zait gauza desberdinak egitea, probatzearrean.
10. Hiru seme-alabarekin, nola daroazu lana eta etxea uztartzea?
Ez da erraza, edozein amak esan dezake. Egunak ez dauka ordurik! Asko antolatu behar da, nahiz eta gero dena pikutara joan.
---------------------------------------------------------------------
Lehendakaria banintz...: "Euskararekin atzerantz ari garela uste dut: garai baten erakundeak eta herritarrak indartsu sentitzen ginen, baina lokartzen ari garen sentsazioa daukat. Patxi Lopez izanez gero, eredu izaten saiatuko nintzateke. Osakidetzak ere bultzada bat behar du: zaindu egin behar dugu daukagun gauza on hori".