Bailarako sei komertziok UNE 175.001 ziurtagiria jaso dute

Irati Goitia 2011ko martxoaren 21a

Gaur, domeka, 'Euskaldunak' (EAEko komertzioen konfederazioak) kalitatearen UNE 175.001 ziurtagiriak banatu ditu Ermuan. Debagoieneko sei komertziok jaso dute titulua, Arrasateko lauk eta Bergarako bik: Arrasate Optika, Ekobai, Sikol, Tamayo, Juanje argazkidenda eta Hubil-ek. Pozik azaldu dira guztiak eta krisi garaian ere kalitatearen aldeko apustua egin behar dela adierazi digute. 

Euskal Autonomia Erkidegoko 100 komertziok kalitatearen UNE 175.001 arauari dagokion ziurtagiria jaso dute gaur goizean Ermuan egin den ekitaldian. Tartean, Debagoieneko sei dendek jaso dute diploma. Arrasateko lauk eta Begarako bik: Arrasate Optika, Ekobai, Sikol, Tamayo, Juanje argazkidenda eta Hubil belar dendak. 

Ikastaroa

Ziurtagiria jasotzeko, dendariek lehenik ikastaro bat egin behar izan zuten, kalitatearen inguruan formazioa jaso eta euren lokalak araudira egokitzeko. Ekobaiko Eneritz Garasak esan digu eurei ez zaiela asko kosta eskakizunak betetzea, aurretiaz aplikatzen zituztelako, baina orain hori egiaztatzea lortu dutela. Juanje Amasorrain argazkilariak ere gauza bera esan digu: "Betidanik egin izan ditugun arauak dira, baina honek diziplinarekin egitea eskatzen digu". 

Ikastaroaren ostean, dendariek azterketa bat pasa zuten. Euskalit Bikaintasunerako Euskal Fundazioak aitortzen ditu ziurtagiriok dendariek bezeroekiko duten arreta, eskainitako zerbitzua eta langileen profesionaltasuna aztertu ostean.


Kalitatearen aldeko apustua

Krisi garaian ere kalitatearen aldeko apustua egitea beharrezkoa dela adierazi du ekitaldian izan zen Pilar Zorrila komertzio eta turismo sailburuordeak: "Diploma hauekin dendarien esfortzua saritzen da, izan ere, egunero pertsiana igotzeak izugarrizko esfortzua eskatzen du eta horregatik eskertu nahi dizuet kalitatearen alde egin duzuen ahalegina. Hala ere, lanean jarraitzeko gonbita luzatzen dizuet, etengabe hobetzen joan gaitezen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak