Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailak behikiaren kontsumoa sustatzeko martxan jarri du kanpaina bat Behi haragia, elikagai zoragarria lelopean. Horretarako, parrillan behi bat daraman furgoneta bat kaleetan barrena ibili da azken hilabetean Gipuzkoako herritarrei jaki horren nutrizio-balioa gogoratzeko. Bada, furgoneta gaur Debagoienetik pasa da.
Behikiaren kontsumoaren beherakada
Kanpaina honen arrazoia azken urteotan behikiaren kontsumoak egin duen beherakada izan da. Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailaren datuen arabera, 2004 eta 2010 urteen artean behikiaren kontsumoa %10 jaitsi da Euskadin. Gainera, esan beharra dago, Euskadin 5.000 behi-ustiategi eta 72.000 abelburu inguru daudela, 10.000 enplegu ematen dituela eta harakintzak, 1.700 enplegu ematen dituela.
Jose Mari Salegi harakinak esan digu pixka bat igarri dutela behikiaren kontsumoa jaitsi dela, baina hala ere, asko saltzen dutela gaineratu du eta gehien saltzen den okela txahalaren haragia dela.
Kanpaina
Behikia oso prezio altuekin lotzen dugu maiz, baina dena ez da azpizuna edo txuletoia; kanpainan esaten dute gainerako zatiek ere kalitate bikaina dutela, ez direla hain garestiak eta errezeta goxoak presta ditzakegula haiekin; esaterako lepoaldea, atzealdeko zangarra, tapa eta isatsarekin.
Salegi harakinak esan digu egiten ari diren kanpaina eurentzako positiboa dela.
Kanpainan nabarmentzen dute behikia oso jaki garrantzitsua dela biztanleria osoaren dieta orekatuan, eta astean hiruzpalau aldiz kontsumitzea gomendatzen dela, 100 edo 150 gramoko zatietan.
Herritarrak behikiak jaten dituzte
Eta herritarrek orokorrean esan digute agian behikiaren prezioak nahiko altuak izan arren, eurek jarraitzen dutela behi okela jaten.