Iñaki Peña medikuarekin, hondamendi nuklear eta erradiaktibitateari buruz

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko martxoaren 18a

Japoniako Fukushimako nuklear etxean hirukoiztu egin da jeneralean urtean pertsona batek jasan dezakeen erreaktibitate maila. Iñaki Peña medikuak Goiena telebistan eman ditu erreaktibitatearen gaineko azalpenak. Amaia Txintxurretak eta Arritxu Barrusok elkarrizketatu dute.

Bideoa: Erradioaktibitatea berbagai Iñaki Peñarekin.

Zer da erreaktibitatea?

Berbak dioen moduan, erradiazioen aktibitatea da. Eta bizitzan gauza gehienekin bezala, erradiazioak izan ditzake ondorio onuragarriak edo kaltegarriak. Erradiazioak gaixotasun batzuk sendatzeko ere erabiltzen dira, baina larregi erabiliz gero, edo hartuz gero, kaltegarria gerta daiteke osasunarendako.

Hortaz, zentral nuklearretan ez ezik, beste toki batzuetan ere badago erradioaktibitatea, ezta?

Bai, ospitaletan, erradiologia zerbitzuak dauden tokietan: eskanerretan-eta. Dosian dago kontua.

Ze kasutan da onuragarria?

Tiroideko gaixotasunetan, esaterako, iodoaren metabolismoarekin lotutako gaixotasunak dira-eta. Azken finean, iodo erradioaktiboa erabiltzen da horixe bera sendatzeko. Bestalde, diagnostikoak egiteko ere erabiltzen da erradioaktibitatea.

Zela xurgatzen du gorputzak erradioaktibitatea?

Azaletik eta mukosen bitartez, sudur zuloetatik, ahotik, begietatik…

Japoniako kontua dago gori-gori, baina Txernobilekoa gogorra izan zen. Ze eragin izan zuen bertako biztanleen osasunean?

1986an gertatu zen, Ukrania eta Bielorrusiaren artean kokatuta dagoen tokan, Kievetik 100 bat kilometrora. Inguruan, eta Europa ekialdean batez ere, eragina izan du. Minbizi kasuak areagotu egin dira. Datu ofizialak begiratuz gero, 50 bat biktima bakarrik onartu zituzten eta orain Japonian ere 30 bat kalteturen datuak dabiltza ematen agintariak. Zentral nuklearretako langileak. Horiek dira zuzen-zuzenean kaltetuak. Baina zeharka milaka izan ziren.

Minbizi kasuak pairatzen dituzte Txernobilen oraindik ere?

Gaur egun ez da erradiaktibitate maila handirik, baina maila normaletik gora seguru baietz. Beti ere jende gaztea, umeak, emakume haurdunak..., dira gehien pairatzen dutenak.

Epe laburrera, Japonian, ze osasun arazo jasan dezakete?

Nuklear etxeko langileek, askorendako heroiak direnak, erradiazio sindrome akutua. Hau da, erredura handien modukoak gorputzean. Azaleko gorritasunak, anpoilak… Eta azalaren zati handi bat kaltetuta badute, osasun arazo larriak izango dituzte. Erredura handiak.

Ze sendabide dauka horrek?

Sindrome horri aurre egiteko, ospitalean ingresatu eta kanpoko infekzioak ez harrapatzeko isolatuta egon beharko dira. Sueroak hartu beharko dituzte…

Epe luzera, begiekin ikusten ez direnak?

Minbizia eta batez ere odol zelulekin zerikusia duten gaixotasunak: leuzemiak eta linfomak. Hasteko gaitasun handiak dituzten zelulak kaltetzen dira-eta. Eta, bestalde, iodoaren metabolismoarekin zerikusia duten tiroideko minbiziak.

Iodoa gastatzen ari da Japonian. Zertarako erabiltzen da?

Prebenitzeko. Gorputzak hartzen badu, bestelako ioiak hartzea saihesten duzu-eta, modu horretara, balizko kalteei aurre egitea.

Erradiaktibitatea garbitu daiteke gure gorputzetik?

Zaila da. Giro garbi batean, mendialdean-eta, denborarekin, garbitzea posible da. Baina, erradiaktibitate iturritik, kasu honetan, zentral nuklearretik, ahalik eta urrunen egotea da gakoa.

Entzun dugu Japoniako zentral nuklear horretatik 30 kilometroko periferian daudenei esan zaiela beste norabait joateko eta 50 kilometrora daudenak, ostera, etxean egoteko eta ez irteteko kalera.

Bai. Txernobileko hondamena izan zen Hiroshima eta Nagasakiko leherketa atomikoa baino askoz ere bortitzago eta larriagoa. Hortaz, oso kontu serioa da eta 50 kilometro urruntzea gutxienekoa da.

Aho eta sudurreko maskarak eraginkorrak dira?

Bai, laguntzen dute, isuriak gorputzean ez sartzen laguntzen dutelako, baina ez dira erabat seguruak.

Tokion dagoen oñatiar batek, Ekhi Galdosek, esan digu oraingo astean, maskarak-eta erabiltzen dabiltzala. Eta beste gomendio bat eman dietela: eskuak eta aurpegia sarri garbitzea.

Bai, jakina, hori da azalaren bidez ez xurgatzeko erradiaktibitatea.

Zentral nuklearreko langileak ikusi ditugu arropa bereziekin, maskarekin… Eraginkorrak dira?

Bai, babesgarriak dira. Maila bateraino, halere. Orain, nuklear etxe horretan leherketa bat gertatuko balitz eta masiboki erradiazioak isuriko balira atmosferara, orduan, oso-oso larria izango litzateke.

Gerra eta isuri nuklearrak prebenitzeko erakunde bat bada, mundu mailan.

Bai, elkarte bat da, nazioarte mailakoa, 200.000 bazkidetik gora dituena. Artikuluak, gomendiak eta prentsaurrekoak egiten dabiltza, jendea informatzeko eta beldurra eta kaosa saihesteko. Aditu goi mailakoak dira. IPPNW da erakundearen izena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak