Hemen bizi direlako, 'Hemen' aldizkaria

Arritxu Barruso 2011ko mar. 20a, 01:00

Etorkinen eta bertakoen artean dagoen distantzia murrizteko Hemen aldizkaria sortu dute. Hiru emakumek bultzatutako proiektua da: mexikarra bat, perutarra bestea eta berberea hirugarrena.

"Emakume etorkin sentitu nintzen egun horietako batean erabaki nuen zerbait egin beharra nuela sentitzen nuena aldatzeko; etorkinen eta bertakoen artean dagoen distantzia zabal hori murrizteko". Paloma Martinez mexikarraren hitzei honakoa gehitu die Ouiame Ouchen berbereak: "Distantzia horrek askotan bakarrik sentiarazten gaitu. Gizarteratzeko ezinbestekoa da inguruan gertatzen ari denaz jabetzea eta informazioa izatea, eta, askotan, zailtasunak ditugu informazio horretara iristeko". Bada, egonezin horiek mugituta, Martinezek eta Ouchenek Hemen aldizkaria sortu dute Tatiana Villena izeneko perutarrarekin batera.

'Gu' bat sortzeko helburua
Hemen aldizkaria kanpotik etorritakoak hemengoei hurbilduz gu bat sortzeko ilusioarekin sortu da. "Aldizkariaren helburuak bi dira: alde batetik, etorkinei hemen gizarteratzeko beharrezko duten informazioa ematea –esaterako, zergatik da garrantzitsua hona iritsitakoan erroldatzea?–; eta bestetik, gure esperientzia, kultura, bizipenak eta egonezinak ezagutzera ematea".

Etxekoandreak eta kazetariak
Martinezek bi seme-alaba ditu eta Ouchenek seme bat. Etxekoandreak dira, baina libre duten denbora apurra aprobetxatzen dute aldizkaria aurrera ateratzeko: "Gauetan egiten dugu lan gehien. 22:00 inguruan jartzen naiz ordenagailu aurrean. Oso momentu polita da, asko gozatzen dut", dio Martinezek.
 

Hemen aldizkariak hiru zenbaki ditu dagoeneko kalean eta laugarrena "zorte apur batekin" datorren astean izango da kalean.  Laugarren zenbakitik aurrera, gainera, Elkar Hezitzen elkartearen laguntza izango dute. Euskaraz, gazteleraz, txinatarrez eta arabieraz idazten dute, eta asmoa da laster portugaldarrez ere idaztea. Proiektuan parte hartu nahi izanez gero, hemengaudela@gmail.com helbidera idaztea nahikoa da.

Paloma Martinez Arrasate Irratian

Gaur, astelehena, izan da 107.7ko Igo Autobusera! irratsaioan Paloma Martinez, Hemen aldizkariko kideetako bat. Pozgarria eta zoriontzekoa da debagoienera etorri zela 3 urte besterik ez diren arren, euskaraz nola berba egiten duen entzutea. Solasaldia entzuteko segidan klikatu besterik ez duzue.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak