Mikel Irizar: "Aurrezki kutxen legea egin behar da Euskadiko aurrezki kutxa sendo eta bakarra egiteko"

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko mar. 18a, 01:00

Mikel Irizarrek Kutxaren Gizarte alorrean eta Fundazioan eman ditu azkeneko urteak. Goienako zuzendari nagusi ere izan zen eta iritzi emaile ere bada GOIENAn ez ezik, Euskadi Irratian eta Argia aldizkarian ere. Apirilean hartuko du erretiroa Kutxan.

Kutxen finantza arazoak direla-eta, hauek banku bihurtzeko neurriez dihardugu azkenaldian. Ze iritzi duzu?
Hemengo kutxak ondo kudeatu dira eta sendotasun rankingetan goian agertzen dira. Beste zenbait kasutan arrisku handiegiak hartu dituzte, edo politikakeriek agindu dute, eta, ondorioz, gauzak okertzen hasi direnean, alfonbra azpiko zikinak agerian geratu dira eta horrek behartu du zenbait kutxa gura ez luketen neurriak hartzera.

Horri erantzuna ematera datoz finantza erakundeak erreskatatzeko azkenaldian gobernuek hartu dituzten neurriak?
Espainian finantza merkatuaren erdia edo gehiago kutxen eskuetan dago. Hori, bankuek onar dezaketena baino gehiago da. Ondorioz, hedabideetan, aurrezki kutxen despolitizazioaren gaineko diskurtsoak edo mezuak areagotu egin dira. Baina despolitizazioaren ordez proposatu izan da esku pribatuak indar gehiago hartzea aurrezki kutxetan. Ordezkari publikoak kendu eta akziodun pribatuak sartu. Ordezkari publikoek batzuetan ez dute beren lana ondo egiten, baina horiek alda daitezke. Ordezkari pribatuak ezin dituzte aldatu herritarrek. Hortaz, despolitizazioa baino gehiago da pribatizazioa. Bankuen interesei men egitea.

Euskal Autonomia Erkidegoko hiru aurrezki kutxak eta Nafarroako CAN ze egoeratan daude?
CAN ez dago horren ondo. Ez politikakeriagatik, baizik eta kudeaketa ausartegiagatik. Zabaltze eta handitze politika ausart horretan ziharduela harrapatu du zuzen-zuzenean krisiak. Ur handitan sartuta. Horri buelta eman guran dabil, aurrezki kutxaren zati bat esku pribatuetan jartzeko bidean. Beste hirurak oso ondo kudeatu dira. Arriskuak zuhurtziaz hartu dira eta, bestalde, diru asko gorde da eta diru erreserba indartsuak dauzkate. Aurrezki kutxa sendoenen rankingean, lehenengo bosten artean daude EAEko hiru kutxak. Horrek sekulako aukera ematen du estrategia propioa lantzeko. Izan ere, kinka larrian dauden aurrezki kutxei aukera bakarra eman zaie: kapital pribatuen eskuetan jartzea akzioen zati bat bizi duten egoera larritik ateratzeko. Kapital pribatu horien jabe izango dira nazioarteko funts espekulatiboenak. Horiek akziodunen batzar batean sartzen diren unetik, aurrezki kutxen izaera pikutara doa. Euskal kutxek, ordea, aukera dute beren izaerari eusteko. Eredu horri eutsi behar zaio. Gurean badago aukera, hartu beharreko erabakiak ondo hartzen badira.

Euskal bankuen legeak indartu dezake aurrezki kutxen izaera?
Ikusi behar ze helbururekin egiten den legea. Carlos Agirre sailburua azalpenak ematera irten denean esan du euskal kutxen lege berriaren helburua dela EAJren larregiko ordezkaritzari aurre egitea. Planteamendu okerra, inondik inora. Ezin daiteke ibili mokoka halako kontu serioekin. Aurrezki kutxen legea egin behar da Euskadiko aurrezki kutxa sendo bat egiteko, gutxienez, Euskal Autonomia Erkidegoan. Eta kutxen ereduari eutsiz. Pentsatu ze kutxa mota komeni zaigun eta adostasunak lortu. 

Kutxaren eta BBKren arteko bategiteak huts egin zuen. Aukera bat galdu zen?
Bai. Gaur egun ikusita, krisiak ekarri duen zurrunbilo horretan sartu izan bagina dagoeneko bat eginda, askoz ere indartsuago geundeke. Dagoeneko hirurak banaka indartsu eta osasuntsu bagaude, bik bat eginda… Gure sendotasun erlatiboa askoz ere handiagoa izango litzateke.

Zein izango litzateke hurrengo aukerarik egokiena: orain Vital eta BBK bultzatzen dabiltzan bategite edo fusio hotza ala hiruren arteko kutxa bakarra?
Fusio hotza pentsatuta dago babeserako, egoera onean ez dauden aurrezki kutxendako. Eta euskal kutxek ez dute behar inoren babesik. Halere, badira bi estrategia fusio hotz eta beroaren atzean. Bata da euskal nazio ikuspegikoa: euskal kutxek behar dute egitura bakar eta sendoa; eta dago beste nazio ikuspegi bat, Espainiakoa: finantza erakunde ez horren indartsuaren alde egiten duena. Arrazoi ideologikoak daude atzean, baina teknikoki hobe da euskal aurrezki kutxa bakar eta sendoa egitea. Epeka ere egin daiteke hori.

Zenbat diru bideratzen du Kutxak Gizarte Ekintzara?
42 milioi inguru. Kutxaren irabaziak jaitsi egin dira azkeneko urteotan. 2007an irabazitakoaren herena irabazi zuen iaz Kutxak. Gizarte Ekintzan fondo batzuk bazeudela kontuan izanda, eutsi egin zaio 42 milioi euroren ekarpenari. Bestalde, faktore biderkatzailea dauka Gizarte Ekintzak. Izan ere, 42 milioi jasotzen ditugu Kutxatik, baina gero, Onkologikotik edo beste zerbitzu batzuetatik sortzen diren sarrerak kontuan izanda, orotara, Gizarte Ekintzaren aurrekontua 68 milioi euro da. Kutxa Fundazioak kudeatzen du Gizarte Ekintza.

Onkologikoa izan da urteetan Kutxaren Gizarte Ekintzako ekimen garrantzitsua eta inbertsio handienak eskatu dituena, ezta?
Bai, hala da. Izan ere, planetaren bizi iraupenari eman diogu garrantzi handia eta, zentzu horretan, helburu zorrotzagoak jarri ditugu orain arteko gainbeherari beste norabide bat emateko. Sare lan garrantzitsua egin dezakegu. 2020rako helburuak jarri eta helburu horiek bete eta, ahal dela, gainditzen saiatuko gara. Gure ingurumenaren bizi iraupena dago jokoan. 

Badago uste bat Debagoienean, Kutxak batez ere hiriburuan eta inguruan egiten dituela inbertsio garrantzitsuenak eta oso gutxi periferiako eskualdeetan. Hala da?
Gauzak zela kontatzen diren da. Hirietan daude herrien pareko izan daitezkeen auzoak eta, bestetik, beste egitura batzuk daude hiriari baino gehiagori dagokionak. Zenbat jende doa hiriburura eskualde honetatik, esaterako, hainbat ikuskizunetara? Eta hainbat zerbitzu erabiltzera? Gizarte Ekintzako irizpidea da lurraldeko herrien artean banatzea diruak eta zerbitzuak, berezko dinamikaren kontrara. Esango nuke, azkenaldian, bagabiltzala eragiten periferian ere eta, aurrera begira, gehiago mugitzeko asmoa ere badaukagu.

Gaurkotasun politikoaren aztertzaile zara hainbat hedabidetan: Sortu legeztatuko dutela uste duzu?
Egunero gabiltza gauza ezberdinak entzun, ikusi eta irakurtzen. Uste dut une honetan aukera gehiago dagoela ez legeztatzeko, interes handiak daudelako. Hala ere, ez dut uste mundua hor amaituko denik. Argi dago Sortuk legeztatua izan beharko lukeela, baina Sorturen atzean dagoen dinamika atzeraezina da. Oraingoan ez bada, hurrengoan izango da. Ezker abertzalearen azkenaldiko bilakaera da inportanteena eta zoriontzekoa hartutako bidea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak