1. Zer gosaldu behar du batek zu bezalako mutiltzarra izateko?
Nik eta kirol munduan gauden denok ahalik eta hobekien eta garbien gosaltzen saiatu behar dugu. Nik neuk, egunero zerealak gosaltzen ditut normalean.
2. Pilotari ikuspegitik, ze tankera hartzen diozu 2011ri?
Ondo hasi da eta dudan itxaropena da ondo amaitzea. Pilotarako eta nire bizitzarako betikoa eskatzen diot 2011ri: osasuna. Osasuna badugu, beste guztia bizitzako gauza normalak dira.
3. Lesioek ez zaituzte larregi errespetatu. Zer sentitzen da etenaldiaren ostean frontoia zapaltzean?
Poz handia eta lasaitasuna. Pilota da gehien gustatzen zaidana, eta kantxetatik kanpo zaudenean ez zara oso eroso egoten. Pilotan jokatzeko moduan nagoenean, askoz erosoago eta gusturago egoten naiz nire buruarekin.
4. Final bat hasi aurreko minutuetan gaude. Non duzu burua?
Gauzak ahalik eta hobekien egitean. Urduritasuna hor izaten da, eta urteekin onartu egiten duzu. Horren gainetik, daukadan guztia ematean dut burua.
5. 21era joan eta galtzean, nola geratzen da bat?
Pena eta amorrua handiarekin. Gero lasaiago hartzen duzu, baina 22-21 galtzea, min gehien ematen duen emaitzetako bat da.
6. Pilotari gazte askok miresten zaituzte, baina nor miresten zenuen zuk gaztetan?
Kirolari asko; esaterako Miguel Indurain. Pilotan, zorionez ispilu asko izan ditugu eta aukeratzekotan, Fernando Arretxe: goizetik oheratu arte, kirolari handia zen.
7. Goazen partidu idealaren bila: aukeratu txapelketa bat, aurkari bat eta frontoi bat.
Eskuz banakako finala, Irujoren kontra eta Donostiako Atanon. Irabazle ni neu, noski! Egun onena denari txapelketa hori irabaztea, pilotari guztiok sinatuko genuke.
8. Zer eman eta zer kendu dizu pilotak?
Kendu ez dit ezer ere egin, pilotak dena eman dit. Gauza batzuk egitea galarazi dit, esaterako lagunekin parrandak. Baina gauza gorenago batzuk lortu ditut, beraz dena eman dit.
9. Zein izan da ehizatu duzun azken pieza?
Oilagor bat Huescan, urtarrila bukaeran.Orokorrean mendira joateak, deskonektatzeko balio dit, horixe da nire terapia nagusia.
10. Gomendatu iezaguzu urteko sasoi bat Leitzara joateko.
Gehien udazkena gustatzen zait: tenperatura ona, mendian kolore oso bitxiak... Lehenengo mendira joan eta gero herriko jatetxeren baten bazkalduko nuke.
---------------------------------------------------------------------
Lehendakaria banintz...: "Benetan ere galdera zaila da egiten didazun hau! Lehendakaria izango banintz, gauzak ahalik eta hobekien egiten saiatuko nintzateke, besterik gabe. Hori bai, euskal kultura eta orokorrean Euskal Herriaren oinarriak eta sustraiak asko errespetatuko nituzke".