Zer moduz lider moduan?
Gustura, oso pozik.
Entrenamendu gogorrak egingo dituzue ba, horraino iristeko…
Hasieratik bagenekien zer geneukan. Eta esan genuen: gura badugu lehenak geratu, lanean jarri beharko gara; eta badirudi emaitza ondo irten dela. Oraindik amaitu barik dago liga, sei partidu falta dira, eta gainera, hirugarrenaren kontra jokatzea falta zaigu. Ez da erraza izango, baina lehenak izatea Zarautzi irabazi eta gero, asko da; eta guk borrokan segituko dugu.
Emakume eta futbolari; askotan eman dituzu azalpenak?
Bai. Badakigu emakumeak ez dituztela berdin tratatzen futbol kontuetan. Neskek futbolean jokatzea edo mutilek jokatzea oso desberdina da.
Oztopo asko gainditu behar izan dituzu neska izanda futbolean jarduteko?
Geroago eta gutxiago dago. Hasieran azken koitaduak ginen, baina bultzada handia eman diogu emakumeok. Egia da mutilak direla zerbait izatera heldu daitezkeenak, baina neskek gero eta borroka gehiago egiten dugu, esaterako, Mondrako zuzendaritzarekin, aintzat hartu gaitzaten. Adibidez, partidu orduei dagokienez, mutilen lehen mailako taldeak (preferentekoak) zapatuetan 16:00etan izaten ditu partiduak, eta gainontzeko talde guztiek bestelako orduetan moldatu behar izaten dugu.
Orain, behintzat, nesken taldea kadete, jubenil eta mutilen bestelako mailen aurretik dago halako kontuetan. Hala ere, badakigu profesionaletan neskek ez dugula etorkizunik.
Hortaz, profesionala izateko ametsik ez?
Ez. 11 urte daramatzat futbolean, eta goiko taldeetatik deituz gero ez dakit joango nintzatekeen. Orain lau-bost urte deituz gero, baietz esango nukeen, baina orain… Beti da amesten duzun zerbait, baina orain zalantzak dauzkat. Nire kasuan langilea naiz. Ikasleak ere badira taldean. Eta Athletic-etik edo Realetik deituz gero, ez litzateke erraza izango, adibidez, astean lau bider entrenatzera joatea.
Hala ere, futbolean segitzeko asmorik bai?
Aurten uzteko asmoa nuen, baina akaso datorren urtean maila berri bat sortuko da emakumeen ligan, eta hala bada, segitu egingo dut.
Izan ere, maila berri bat egoteak (4. maila) lehiakortasuna handitu egingo du. Gaur egun desberdintasun handiak daude nesken futboleko taldeen artean, eta aldiz, maila berri bat sortuz gero, euskal liga moduko bat sortuko litzateke, taldeen arteko lehia handitu, eta kalitatea parekatu.
Zeuk zer nahiko zenuke etorkizunerako nesken futbolari dagokionez?
Ba ea egunen batean nesken futbola mutilen futbolaren mailara heltzen den, naiz eta oso-oso zaila dirudien arren.
Beste zerbait gaineratuko zenuke?
Neskak animatuko nituzke futbolean jokatzen. Esango nieke ondo pasatzeko kirol moduan hartzeko