Beharrezkoa da kulturartekotasuna txikitatik lantzea?
Nire ustez, kulturen arteko bizikidetza XXI. mendeko gai klabeetako bat da. Gure gizaldiko desafio handiena kulturen arteko elkarbizikidetza da. Euskal Herriko kaleetan afrikarrak ikustea gauza nahiko normala da gaur egun; duela 30 urte, ez. Jendea gero eta gehiago mugitzen da. Kultura balio ezberdinak dituen jendeak topo egiten du eta horrek, hasiera baten, elkarbizitza arazoak sor ditzake. Kulturartekotasuna landu behar dugu.
Umeekin nola lan daiteke?
Ez da erraza. Arrazionaltasunetik kulturartekotasuna oso printzipio ederra da, baina umeek beste lengoaia bat erabiltzen dute. Nik ipuinak erabiltzen ditut. Tresna unibertsala dira –kultura guztiek dituzte ipuinak– eta umeei asko gustatzen zaizkie. Problematikari horri ikuspuntu ludikotik heltzen diot.
Ze ipuin kontatzen dituzu?
Afrikako ipuinak kontatzen ditut; ipuin afrikarrak bakarrik. Afrika oso eremu handia da eta ipuin asko daude. Horregatik, aukeraketa egiten dut. Kontrasteren bat proposatzen duten ipuinak aukeratzen ditut; harritu eta atentzioa ematen duten ipuinak izan ohi dira, hausnarketarako bidea ematen dutenak.
Ze harrera dute afrikar ipuinek gure umeen artean?
Asko gozatzen dute, lehenik eta behin oso gutxi direlako hemen ipuin afrikar bat entzun duten umeak. Arabiar ipuinak, jatorri txinatarra dutenak, ipar europarrak... ipuin horiek ezagunagoak dira hemen Afrikako ipuinen aldean. Azken finean, bidaia exotiko bat da umeei proposatzen diedana. Pertsonaiak, egoerak, amaierak... oso ezberdinak dira eta horrek umeen jakin-mina pizten du. Ipuin afrikarrek transmititzen dituzten mezuak ere oso ezberdinak dira. Beste kultura bat, beste mundu bat zabaltzen zaie.
Beldurrezko ipuinak kontatu egin behar direla defendatzen duzu.
Bai. Pentsatu ohi dugu beldurrezko ipuinak kaltegarriak direla eta saihestu egin ohi ditugu umeak ez traumatizatzeko. Ez nator bat. Beldurrezko ipuinak kontatu egin behar dizkiegu euren beldurrei aurre egiten ikas dezaten.
Helduekin ere lan egiten duzu zure ipuin saioetan.
Bai, umeendako ipuin saioa egin ostean asko gustatzen zait gurasoekin eta irakasleekin elkartzea. Umeak azkar konbentzitzen ditut, eurek argi dute ipuinak gustatu egiten zaizkiela. Helduekin, aldiz, lan gehiago egin beharko genuke. Ulertu behar dute ipuinek haurtzaroan zenbaterainoko garrantzia duten. Ez badiegu umeei gure denbora eskaintzen, telebista aurrean edo makinatxoekin emango dute denbora eta ez dute ipuinik entzungo.
Ipuinak afektibitate eskola dira. Seme-alabekin afektibotasunean oinarritutako harremana eraiki nahi badugu, ipuinak kontatzea bide oso aproposa da.