Bidesarietatik ateratako dirua garraio publikoa hobetzeko

Goiatz Arana Begiristain 2011ko mar. 15a, 18:27

Gipuzkoako errepidetan ipiniko diren bidesari berrietatik ateratako diruaren zati bat garraio publikoa hobetzera bideratuko da. Hala erabaki zuen atzo, martitzena, Batzar Nagusietako Bide Azpiegituretako batzordeak. Neurri horrek datorren urteko urtarrilean hiru tona t’erditik gorako kamioientzat Etxegaraten ezarriko den ordainlekuari eragingo dio; eta 2013an, ibilgailu ororentzat Deskargako mendatean jarriko dena gehituko zaio.

Sozialistek, jeltzaleek eta H1! alderdiak aurkeztu zuten emendakina; eta eurekin batera, alde bozkatu zuten Ezker Batuak eta Aralarrek ere; popularrek, aldiz, kontrako botoa eman zuten.

Trena edota autobusa bultzatzera bideratuko da dirua, nahiz eta oraindik zehazteke dagoen jasotako diru kopuru osoaren zein portzentaje erabiliko den horretarako. Ordainlekuetan batutako dirua azpiegiturak finantzatzeko ere erabiliko da; Beasain-Durangoren kasuan, adibidez, Beasain eta Zumarraga arteko zatia  Foru Aldundiko diruarekin egin bada ere, Urretxu-Bergara zatia bidesariekin ordainduko da. Bigarren zati horretako lanak 170 milioi euro kostako dira, irailean hasiko dituzte eta bi urte t’erdi inguru beharko dituzte guztiz bukatzeko. Aurreikuspenak betetzen badira, beraz, 2013an izango da erabilgarri azpiegitura berri hori; bidesaria izango du eta, ordaindu gura ez duenak, mendatetik joan beharko du, gaur egun moduan. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak