Haurreskoletan lanuztea egingo dute martxoaren 22an

Mirian Biteri 2011ko martxoaren 15a

Hiru orduko lanuztea egingo dute 0-3 urte bitarteko haurrekin lan egiten dutenek; 11:00etatik 14:00etara.

EAEko Haurreskolak Partzuergoak sektorean ezarri dituen murrizketen eta aurrerantzean ezarri nahi dituen beste hainbaten aurka lanuztea deitu dute LAB, STEE-EILAS eta ELA sindikatuek martxoaren 22rako. Hiru orduko lanuztea egingo dute 0-3 urte bitarteko haurrekin lan egiten dutenek; hain justu, 11:00etatik 14:00etara bitartean.
     LAB eta STEE-EILAS sindikatuen esanetan, 2009a ezkero Partzuergoa langileen kontura dirua aurrezten ari da. Iaz Hezkuntza Sailak soldatetan ezarritako %5eko murrizketari, 2009an izandako %1ekoa gehitu behar zaio. Horretaz gainera, salatu dute aurten Partzuergoak %1,4 txikitu nahi dituela. Sindikatuen arabera, horri ordezkapenetan dauden atzerapenak eta lan ordutegitik kanpo sartutako orduak gehitu behar zaizkio. Horrek guztiak haurren ongizate eta heziketa eskubidean eragina duela deitoratu dute.

Jantokietan apirilerako

Bestalde, eskoletako jantokietako langileek apirilean eta maiatzean grebak egiteko asmoa agertu dute ostera ere. Sindikatuek Hezkuntza Sailari eskatu diote gatazkan bitarteko lanak egin ditzala, eta ohartarazi dute negoziazioak indarberritzen ez badira, kalera irtengo direla.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak