Joan den astean, Jaurlaritzako Osasun sailburu Rafael Bengoak Pediatria Planaren zirriborroa aurkeztu zuen Gasteizko Legebiltzarrean. Sektorearen gaur egungo egoeraz eta plan horren gainean berba egin dugu datozen lerroetan Bergarako osasun etxean lan egiten duen Arrate Bengoa pediatrarekin.
Nolakoa da egoera?
Aldatzen joaten da. Enplegu Publikorako Eskaintza dagoen bakoitzean, mugimendua egoten da. Esaterako, Arrasaten pediatra bat erretiratu da eta beste bat Bizkaiko herri batera joan da lan egitera, eta haren ordez Legazpitik pediatra bat etorri da. Arrasaten hiru plaza daude eta pediatra bat dago. Bestalde, Eskoriatzan aspalditik daude pediatra barik; Oñatin pediatra bat eta errefortzu bat daude; eta Bergaran bi pediatra gaude. Hiri handietan pediatra gehiago izateko joera dago, eta herri txikietan gutxiago.
Zer dela-eta joera hori?
Enplegu Publikorako Eskaintza antolatzen denean, plaza kopurua zehazten da eta hiriburukoak lehenago betetzen dira. Jendea hiriburuetan bizi da normalean, hemen mediku gutxiago daude. Hori dela-eta, pediatrak falta dira Debagoienean.
Bengoak aurkeztutako planak aurreikusten du pediatra bakoitzak artatu beharreko haur kopurua 1.000ra handitzea. Debagoienean, dena dela, ume gehiago artatzen dituzue, ezta?
Hala da. Bergaran, esaterako, 2.000 haur daude, eta, hortaz, pediatra bakoitzak 1.000 ume inguru ditugu. Askotan esan dugu gu ez garela gobernuz kanpoko erakunde bat, langileak baizik, eta, hortaz, zerbitzuaren kalitatea bermatzen saiatzen bagara ere, kopuru horrekin zaila dela.
Oraingoz, ez dakigu plan horrek zer-nolako aldaketak ekarriko dituen, baina, hasiera baten, aldaketa handirik ez luke egon behar, kopuru hori guk dagoeneko badaukagulako. Urteak daramatzagu pediatrian arazoekin, eta plan horrekin ez da sakondu. Adabaki bat baino ez da, benetako konponbiderik ez dute topatu; hain justu ere, etorkizunak nondik joan behar duen aztertu. Ez dugu uste plana eraginkorra denik.
Zein izan daiteke irtenbidea?
Kalitatezko zerbitzua ematea nahi badute, planifikazio eraginkorra egin behar dute. Ez da berdina herri txiki bat edo hiri bat. Toki bakoitzaren ezaugarriak hartu behar dira kontuan, eraginkorra izan dadin.