Iaz %23 kontsumo-erreklamazio gehiago izan ziren, telekomunikazioek eta garraioek eraginda. Denetara, 21.759 erreklamazio jaso zituzten Eusko Jaurlaritzak, Kontsumitzailearendako Informaziorako udal bulegoek eta kontsumitzaileen elkarteek.
Kontsumoaren arlo gehienetan erreklamazioak gutxitu ziren, eta hori "oso pozgarritzat" dauka EKAk.
Erreklamazio gehien bi arlotan egon ziren: telekomunikazioak (telefonia eta Internet), zeinek 8.741 erreklamazio sortu zituen (guztien %38,9), 2009an baino %33,78 gehiago; eta garraioa (hegazkina nagusiki), zeinek 2.191 erreklamazio eragin zituen (guztien %10,01) eta %22,34ko igoera izan zuen 2009arekin aldenduta.
Zigor handiagoak
Horixe izan zen EKAk 2009an Eusko Jaurlaritza berriari egin zizkion proposamenetariko bat. "2010ko datuak ikusita, eskaera horretan insistitu" egiten du EKAk. Elkartearen iritziz, "Eusko Jaurlaritzak eta administrazio guztiek" erreklamazio gehien sortzen dituzten enpresenganako jarrera zorrotzagoa izan beharko lukete, eta "noizean behin" jartzen dituzten isunak gogortu, "gaur egungoak oso arinak baitira konpainia horien boterea eta etekin ederrak eman behar dizkieten trikimailu eta iruzurrekin duten ohitura kontuan izanda", salatzen du EKAk.
Gehiegizko edo iruzurrezko ekintzen aurka
2009an mahai gainean ipini genituen eta "erantzunik jaso ez duten" beste bi proposamen ere berreskatzen ditu EKAk.
Lehena da Eusko Jaurlaritzari eskatzea Prezioen Behatokia sor dezala, Administrazioak gidatuta eta kontsumitzaileen eta bestelako gizarte agenteen parte-hartze zuzenarekin. "Behatoki horrek oinarrizko elikapen produktu batzuei ekoizpenetik salmentaraino jarraipen zorrotza egingo lieke kate osoan prezioak zenbat eta zergatik garestitzen diren jakiteko; eta gehiegizko edo iruzurrezko merkatal ekintzak eta jokaerak ekiditeko esku-hartze eta zigorrak ezartzeko gaitasuna izan beharko luke", EKAren hitzetan. "Miatutako salgaiek prezio bikoitzeko etiketa azaldu beharko lukete: kontsumitzaileak ordaindu beharrekoa eta ekoizleak kobratutakoa", proposatzen dute.
Eta, bigarrenik, EKAk "beharrezkotzat" jotzen du Kontsumitzaileen Kontsulta-Kontseilua eratzea Euskal Erkidegoan (Espainian dagoen dagoen Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Kontseiluaren antzekoa, proposamenak jasotzen duenez), erakunde egonkor bat. EKAk proposatzen du erakunde horren iritzia "botere publikoek eskatu eta kontuan izatea" kontsumoaren inguruko legeak, aldaketak eta politikak erabakitzerakoan. "Administrazioek ezartzen dituzten neurriek gizarte zibilaren parte-hartze eta adostasunik handiena izan ditzaten lagunduko luke Kontseilu honek", esaten du EKAk.
Kontsumitzailearen eskubideak zeintzuk diren ere gogora ekartzen ditu EKAk:
- Oinarrizko beharrak asetzea: Bizitzarako oinarrizkoak diren ondasun eta zerbitzuak edukitzeko eskubidea.
- Osasun eta segurtasunaren babesa: Bizitzarako arriskutsuak edo kaltegarriak diren produktuen aurkako babeserako eskubidea.
- Interes ekonomiko eta sozialen babespena. Kontsumitzailea babesteko legeek dioten bezala.
- Informazioa. Eskaintzen zaizkion salgai eta zerbitzuei buruz informazio osoa eta egiatia jasotzeko eskubidea.
- Hezkuntza eta norabidatzea. Kontsumitzaile arduratsuak izateko informazioa eta hezkuntza edukitzeko eskubidea.
- Hautakizun librea. Merkatuaren produktuen artean presiorik gabe hautaketa egiteko eskubidea.
- Konponketa edo kalteordaina. Produktu bat akastuna izan edo kontsumitzailearen interesak kaltetzen dituenenan konponketa edo neurriko kalteordaina jasotzeko eskubidea.
- Antolakuntza eta aintzat hartzea. Gizartearen aintzat hartea duten kontsumitzaileen elkarteetan parte hartzeko eskubidea.
- Gutxiagotasun, menpekotasun edo defentsarik ezaren aurkako babesa.
- Ingurune garbia. Kutsadurarik gabeko ingurune batean lan egin eta bizitzako eskubidea.