Arrasatear bat Adriaren proiektu berrian

Arritxu Barruso 2011ko martxoaren 14a

2010eko maiatzean Ferran Adria sukaldari famatua Oliver Franz Schmidt arkitekto alemaniarrarekin harremanetan ipini zen. Anaia Albertekin eta Iglesias anaiekin batera hasi gura zuen proiektu gastronomiko berriaren irudia eta espazioa diseinatzeko talde sortzaile bat eratzeko eskatu zion Adriak...

Eskaera oso argia izan zen: "Talde multidiziplinarra behar dugu, gaztea, baina horrelako erronka bat aurrera eramateko bezain zoroa", eta gaineratu: "Minimalistarik ez, mesedez". Natali Canas del Pozo arkitekto arrasatearra talde gazte eta multidiziplinar horretako kide izan da.
Bezero ausartak
Canas del Pozo oso pozik dago bizitako esperientziarekin: "Oso esperientzia polita izan da. Oso bezero bereziak izan dira; oso parte-hartzaileak. Askatasun handia geneukan gauzak egiteko orduan, baina eurek ere ideia asko ekartzen zituzten mahai gainera. Oso ausartak dira; hiru arkitektoak oso gazteak gara eta ez gara horren ezagunak. Arriskatu egin dira beste behin ere. Uste dut euren arrakastaren zati inportante bat hor dagoela. Arriskuak hartzen dituzte", kontatu digu arrasatearrak.

Talde sortzailearekin arriskatu duten neurrian, proiektuarekin ere gauza bera gertatzen da: "Argi zeukaten zerbait berria izan behar zuela. Adria anaiek nahi dutena da jatetxera joaten garen bakoitzean esperientzia berri bat bizi izatea. Ez zuten estilo minimialistarik nahi; hori ere argi zeukaten. Izan ere, azkenaldian ireki diren jatetxe gehienek estilo minimalista edo japoniar kutsua daukate. Uste dut lortu egin dugula bezeroek nahi zutena".

Agertokia eta 'backstage'-a
Adria anaiek espazio bakar baten bi proiektu batu dituzte eta Canas del Pozok kontatu digu, diseinuari dagokionez, bata agertokia litzatekeela eta bestea atzeko aldea: "Tickets jatetxean tapen estiloko eskaintza daukate. Estilo barrokodun espazioa da eta hainbat barra ditu –feria baten kioskoen antzerakoak–. Barra bakoitzean estilo bateko jakiak ematen dira: barbakoa batean, sushia bestean... Espazio hori antzerki areto bateko agertokia izan daiteke. Bigarren espazioa snackak ematen dituzten kokteleria da. 41º (41 gradu) du izena. Industrialagoa da, Tickets-en backstage-a litzateke. Zinemako plato abandonatua dirudi".

Gutiziak probatzen lehenak
Adria anaien jatetxe berriak martxoaren 1ean ireki zituen ateak, baina Canas del Pozok aurretik probatu ahal izan zituen gutiziak: "Ireki aurretik, bi astean sukaldeko probak egiten ibili ziren eta menua probatzeko ohorea izan genuen. Oso gomendagarria".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak