Sei mila sari banatuko dituzte dendek erosketa-txarteletan

Leire Kortabarria 2011ko martxoaren 11

Hilabete honetan 6.000 sari banatuko dira 50 eta 100 euroko erosketa-txarteletan Euskadiko dendetako bezeroen, Merkataritza Sailak martxan jarri berri duen Compra aQtiva planaren barruan. Helburua da  "euskal kontsumitzailearen konfiantza-pertzepzioa indartzea, bezeroak leialtzea eta merkataritza bikainaren Q-a balioestea".

Erosketak martxoaren 14tik 26ra bitartean egiten dituzten Euskadiko txikizkako merkataritzako bezeroek jaso ditzakete sariak. Gehienez ere, 6.000 sari banatuko dira erosketa-txarteletan, eta txartelok lortu dituzten dendan gastatzeko izango da dirua.

Euskal merkataritza lehiakorragoa egiteko helburuarekin, Merkataritza Sailak azken urtean martxan jarritako iniziatiba multzoaren barruan dago Compra aQtiva ekintza, eta SPRIren laguntzarekin eramango da aurrera.

Kutxan ordaintzen dabiltzanei

Kanpainaren funtzionamendua honako hau izango da: notario aurrean Euskadiko txikizkako merkataritza-establezimenduen artean egindako zozketa bidez gehienez ere 6.000 sari banatuko dira 50 eta 100 euroko erosketa-txarteletan. Zehazki, 50 euroko 2.000 erosketa-txartel eta 100 euroko 4.000 erosketa-txartel izango dira.

Notario aurrean hautaturiko 6.000 dendarekin, sarien banaketa-bideak diseinatu dira. Behar bezala egiaztaturiko agente batzuk arduratuko dira sariak emateaz establezimendu bakoitzean une horretan kutxan ordainketa egiten ari den pertsonari. Saria lortzen duen pertsonak beste erosketa batean baliatu ahalko du zenbateko hori, betiere saltoki berean soil-soilik.

Euskadi osoan banatuko dira txartelak, eta Gipuzkoan 2.100 txartel emango dituzte; Araban, 900, eta Bizkaian, 3.000.

Ekainaren 30era arte trukatu ahalko dituzte bezeroek erosketa-txartelak beste erosketa batekin. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak