Txartelak saltokietan erosketak egiten dabiltzan herritarrei banatuko zaizkie, ustekabean, eta zortedunek ekainaren 30era arteko epea izango dute diru kopuru hori gastatzeko txekea eman dieten saltokian bertan.
Zozketa bidez erabakiko da Erkidegoko zein komertzio txikitan banatu erosketa txekeak. 6.000 izango dira guztira, 50 eurokoak 2.000 eta 100 eurokoak 4.000. Banaketa lurralde bakoitzaren pisu komertzialaren araberakoa izango da: txartelen erdiak Bizkaian banatuko dira, %35 Gipuzkoan eta %15 Araban.
Erosketa Aqtiboa deituriko plan honek kontsumoa sustatzea izango du helburu, milioi bat euroko aurrekontuarekin.
Planak, baina, kritikak jaso ditu alderdi politikoengatik, Eusko Jaurlaritzak abian jarritako kanpaina hau, politikari askok datozen hauteskundeetarako botoak irabazteko taktika bezala ikusten dute-eta. Izan ere, txartelen banaketa martxoaren 26an bukatuko da; hauteskundeetarako kanpaina hasieraren bezperetan.
Politikariez gain, zenbait merkatarik ere euren desadostasuna erakutsi dute, uste dutelako euren iritzia ez dela ezertarako kontuan izan. Arrasateko merkatarien elkartetik, Ibai Artetik, ere euren desadostasuna azaldu dute. Ez dute plana oso baliagarritzat ikusten eta kontsumoa sustatzeko bide egokiagoak badirela diote. Aurrekontuaren erdia –500.000 euro- publizitatera bideratzea ere kritikatu dute.