Ekainean urte bi egingo dituzu Kirol zuzendari karguan. Ze balorazio?
Oso gustura nago, baina kargu publiko baten dihardudanez, besteei dagokie egindako lana aztertzea. Kirol munduan urte asko daramatzat eta uste dut ondo ezagutzen dudala kirolaren mundua.
Padurako kirol perfekzionamendu teknikorako zentroa da zure kutunetako bat. Zer da?
Kirol konpetentziak oso banatuta daude autonomia erkidegoko erakunde ezberdinen artean; Jaurlaritzaren, diputazioen eta udalen artean. Jaurlaritzaren eskumena da goi mailako kirolarena. Eta, goi mailako kirolean, punta-puntako zentro bat daukagu, Padurakoa. Espainian errendimendu handiko zentro deitzen diete eta hiru daude. Gurea haien mailatik gertu dago.
Ze kirol jorratzen dira Padurako zentro horretan?
Judoa, borroka, txirrindularitza, arrauna… Olinpiadetakoak.
Zenbat kirolari ari dira bertan? Ze kiroletakoak?
Berrogeitik gora bekadun daude. Paduran egiten ditugu azterketak eta jarraipena. Goi mailako kirolaren dekretua onartu genuen abuztuan eta horrek ahalbidetzen du laguntzea teknifikazioaren aldetik federazio ezberdinei. Unibertsitatetik laguntzak ere jasotzen dituzte kirolariek.
Higiezinen aparrak eztanda egin zuen neurrian, futbol profesionalarena ere lehertuko dela esan izan duzu. Hala gertatuko da?
Ondo ezagutzen dut barrutik futbolaren mundua; izan ere, Eibarko presidenteorde izan nintzen bere garaian eta baita Espainiako Futbol Liga Profesionaleko zuzendaritzako kide ere. Batetik, diru gehiago eskatu eta eskatu dabiltza futboleko klubak eta, era berean, gero eta gehiago gastatzen dute. Ondorioa da leporaino zorpetuta daudela. Futbolaren indar soziala handia da eta interesak daude haren inguruan: hedabideak, bitartekariak… 1992an kirol elkarte anonimoak jarri zituzten indarrean, klubak bideragarriago egiteko eta zorren erantzuleak identifikatzeko helburuarekin, baina zorrak handitu eta handitu egin dira etengabe. Legearen helburua ez da bete. 42 futbol talde profesional daude Espainiako ligetan eta horietatik 15 konkurtso legean daude. Sektorearen egoera tamalgarria da. Erakunde publikoekin eta aurrezki kutxekin dituzte zorrak. Horregatik diot honek guztiak lehertu egingo duela. Futbolak eragin handia dauka jendartean, baina gero eta gehiago dira futbol profesionala diruz lagundu beharrik ez dagoela diotenak, benetako beste premia batzuk dauzkagu-eta.
Txirrindularitza lasterketak ikustearren ordaintzea planteatu zenuen. Zergatik?
Testuinguru jakin baten egin nituen adierazpenak. Eibarren, emakume txirrindulari talde baten aurkezpenean. Eta taldeko zuzendariak, normala den moduan, aprobetxatu zuen ekitaldia dirua eskatzeko. Ostean, kazetari gatek galdetu zidan horren gainean eta erantzun nion ondo zegoela eskatzea, baina, beste kirol batzuetan bezala, txirrindularitza lasterketetan ere ikustearren ordaintzea ez legokeela txarto, sos berriak, diru iturri berriak, topatze aldera. Hausnarketa bultzatzeko bota nuen. Kirol ikuskizun asko ikustearren ordaindu egin behar da. Zergatik ez Arrateko igoera ikustearren, esaterako?
Espainiako Vuelta berriro ere Euskal Autonomia Erkidegora etorriko da, 32 urteren ostean. Ze deritzozu?
Historian barrena, Espainiako Txirrindularitza Itzuliak beti izan du protagonismoa Euskadin. Eta itzulia antolatzen duen Unipubic enpresak, ostera, interes handia zeukan karrera berriro hona ekartzeko, eta guk lagundu egin diogu. Bilbo eta Gasteizko udalei eman diegu dirulaguntza, aurten. Laguntza puntuala da.
Zenbateko dirulaguntza?
75.000 euro. Laguntza berezia da. Atea zabaldu dugu Vuelta hona etor dadin, eta aurrerantzean udalen ardura izango da.
Espainiako Vuelta hona eta Urkiolako igoera eta amateur mailako beste txirrindulari karrera batzuk desagertu egin dira.
Batak eta besteak ez dauka zerikusirik. Euskal Herriko Itzuliari 400.000 euro ematen dizkiogu urtero. Donostiako Klasikoak, Laudioko lasterketak, Zornotzako Udaberrikoak, Ordiziakoak… Horiek guztiek jasotzen dute laguntza. Urkiolakoari ere lagundu izan diogu, baina iaz ez zuten eskatu. Arazoa ez da finantzazioa, baizik eta antolatzailerik, erreleburik eta boluntariorik eza.
Puerto eta Galgo operazioak, Contadorren positiboa… Txirrindularitza auzitan beti…
Eusko Jaurlaritzak nahi du dopinaren aurkako legea onartzea aurten. Bestetik, 41 euskal federaziorekin hitzarmena sinatu dugu dopina saihesteko kontrolak eta azterketak egiteko. Geuk egiten ditugu azterketak eta positiboren bat badago, federazioak dira horri erantzuna ematen diotenak.
Euskal selekzioa ofizial izatea eskatu dute jokalariek. Zein da Jaurlaritzaren ikuspuntua?
Oso konplikatua da. Ez dago gure esku bakarrik, futbol federazioen eta UEFAren eskuetan dago, batik bat. Gainera, gure eskumenak hiru lurralderi dagozkie eta futbolariek Euskal Herri osoa aintzat hartzea eskatzen dute. Hori esanda, ofizialtasuna posible bada, aurrera, gu alde gaude. Hori da gure nahia, baina beste batzuen nahia kontuan izan behar dugu. FIFA, esaterako, aurka dago, eta hark du giltza.