Joseina Etxeberria: "Ez nintzateke inoiz ere disko festak egitera bueltatuko"

Txomin Madina Milikua 2011ko mar. 10a, 15:30

43 urte ditu eta horietatik 21 Gaztea irratiari lotuta eman ditu Ramones taldearen jarraitzaile fina den ataundarrak. Bere esanetan, argi geratzen da musika duela pasio.

1. Zelan daroazu milaka lagunen iratzargailu izatea?
Egia da askok irrati-iratzargailu bezala erabiltzen gaituztela, baina gure asmoa ez da hori; gure asmoa da esnatzeko orduan edo goizeko lehen ordu gogor horietan konpainia egitea.

2. Zeureak ze ordutan jotzen du?
05:00-05:30 inguru horretan, programaren arabera. Hasiera baten pentsatzen nuen ohituko nintzela, baina konturatu naiz ezetz; nahiko gaizki daramat.

3. Irrati formulan, zer egiten du aurkezleak abestitik abestira?
Bat aurkeztu orduko, hurrengoa prestatu behar duzu: nola hasten den ikusi, zenbat denbora duzun hitzegiteko... Publizitatea sartu behar da, baita errealizazioa landu ere: efektuak, banatzaileak... Aberaste horrek denbora asko darama eta uste dut irratigintzan garrantzia gutxi ematen zaiola. 

4. Nola izan originala abesti bat 20. aldiz aurkeztean?
Datu minimo batzuk beti eman behar dituzu, baina horretaz gain, mila gauza etortzen zaizkizu burura: askotan arazo gehiago izaten da esan behar duguna kontrolatzen zer esan bilatzen baino.

5. Aukeratu bat: trikitia, merengea edo teknoa?
Ez da peloteoa, baina trikitia. Orain, teknoa eta elektronika ere oso neureak ditut.

6. Ezagutuko al dugu talderik The Ramones gaindituko duenik?
Itxaropena ezingo dugu galdu! Badaude abestiak Ramonesenak baino gehiago gustatzen zaizkidanak. Gainera, ze gozada den irrati formulan, kantu edo talde bat deskubritu eta horren aurkezpena egiteko zain egotea! Irratigintzan ez dago parekorik.

7. Eta zein izan da hartu duzun azken sorpresa?
Alexis Jordanen Happiness kantua, REMen azken lana, Linkin Parkena... Uste dut bai dantzarekin, bai pop munduarekin, 80. hamarkadan bizi izan genuenaren oso antzerako momentu bat bizitzen ari garela; oraingo kantu asko, momentu oneko oroitzapenen kantuak izango dira.

8. Disko festekin, Euskal Herri osoa ezagutuko zenuen. Non dira festazaleenak?
Ez ditut ahaztuko Donostian egindakoak, ezta Oialumekoak, Laudio edo Arrasatekoak ere.

9. Itzuliko zinateke disko festetara?
Inoiz ere ez! Tarteka gauza pribatuak eta partikularrak egin arren, publiko irekiarendako, ez.

10. Musika deskonektatzeko erabiltzen dute askok; zuk, nola deskonektatzen duzu musikatik?
Ez dut deskonektatzen; lanerako musika batzuk ditut, neuk disfrutatzeko beste batzuk. Azken horiek entzuten ditut etxean.

---------------------------------------------------------------------

Lehendakaria banintz...: "Iratzargailuak debekatuko nituzke, norberak erabaki dezala ze ordutegirekin lan egin... Ez, egia esan, azken urteotan debekuak eta horrelako kontuak besterik ez datozkit Gobernutik eta boteretik; beraz, debekuak baino gehiago, askatasun gehiago emango nuke".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak