Orain dela hiru aste argitaratu zuen Goienak Bergarako 5+3 zikloturismo martxa kolokan zegoela (Gipuzkoako gainontzeko probekin batera), Eusko Jaurlaritzak proba horiek lasterketekin bateratu zituelako, eta horrenbestez, Ertzainek zaindu beharrekoak zirelako. Herrizaingo Sailetik, berriz, horretarako nahikoa Ertzain ez zegoela adierazi zuten, eta kolokan zegoen dena.
Hala, proba zikloturisten egutegia hastear dagoenean etorri da erabakia: Gipuzkoako probek bere horretan jarraituko dute (Bizkaian eta Araban proba gutxiago dituzte, ez zegoen horrenbeste arazo). Eta, Lokatzak aurrera egingo Bergarako 5+3 zikloturismo probaren antolaketarekin –printzipioz, maiatzaren 1ean.
Zeintzuk diren baldintzak:
Proba zikloturistekin aurrera jarraitu ahal izateko baldintza nagusia izan da zikloturisten arteko lehiakortasuna txikitzeko neurriak hartzea. Hala, probak "Europartu" egingo dira, Europako beste lurralde batzuetan egiten dituzten proben antz handiagoa izango dute hemengoek.
- Ez da irteera ordurik egongo, irteera mailakatuak izango dira, zikloturistak pilatu ez daitezen.
- Ez da lasterketa buruko autorik egongo.
- Bidegurutzeetan, ez dira onartuko zirkulazioa antolatzen ibiliko diren boluntarioak.
- Ez dira denborak hartuko, debekatu egingo dute txiparen erabilpena.
Bergarako martxan hartuko dituzten neurriak:
- Irteera mailakatuak egingo dituzte.
- Txartela aterako dute eta parte-hartzaileek irteeran, bidean eta helmugan fitxatu beharko dute.
- Txartel bakoitzean telefonoa ipiniko dute, matxurak eta asistentziak egiteko.
- Anbulantzia ere atzetik aurrera joango da.
2011ko egutegi probisionala:
- Apirilak 3, Zumarragako proba
- Apirilak 17, Deba-Deba
- Maiatzak 1, Bergarako 5+3
- Maiatzak 8, Egiako proba
- Maiatzak 15, Ziklotur
- Maiatzak 22, Billabonako proba
- Maiatzak 29, Zarautz-Gernika-Zarautz
- Ekainak 5, Donostia-Baiona-Donostia
- Ekainak 12, Bidasoako Bira
- Ekainak 26, Bidasoako Pedal Eguna
- Abuztuak 7, Juanma Garate proba
- Irailak 25, Urretxuko klasikoa.