Jardunaldi Gastronomikoen VII. edizioa martxoaren 11tik apirilaren 17ra

Goiatz Arana Begiristain 2011ko martxoaren 9a

Eusko Label bildotsa, Idiazabal jatorriko gazta eta peilak izango dira Debagoieneko VII. Jardunaldi Gastronomikoetan esku hartuko duten bederatzi jatetxeetako menu berezietan aurkituko ditugun produktuak; eta, horiei laguntzeko, jardunaldiak babesten dituen Pascual Hermanos upategiaren ardo ondua izango da.  Goizean egin dute edizio berriaren aurkezpena.

Orain artekoen  ildo beretik jarraituko du, baina hainbat berrikuntza ere izango ditu:

  • Deba Garaia Landa Garapen elkarteak egitasmoarekin bat egin du. Landa Garapen elkartea eta Turismo saila aspaldian dabiltza elkarrekin lanean, baina hau da lehen kolaborazioa.  Agurtzane Diaz elkarteko dinamizatzaileak jardunaldion bitartez egiten den lana goraipatu du, Debagoiena gastronomia eta nekazaritza uztartzen aitzindari dela esanez.
  • Datorren eguaztenean, martxoak 16, 19:00etan, Bergarako osoko bilkuren aretoan egingo den jatorrizko gazta dastatzeari beste bat gehituko zaio: txokolate dastatzea; martxoaren 30ean izango da, 19:00etan, Arrasateko Kulturaten, eta Oñatiko Anton Azpiazuk gidatuko du.
  • Bertako produktuen jatorria eta elaborazio prozesua ezagutzeko eskaintza ere zabaldu egin dute: Antzuolako Lapatza baserria, Arantzazuko Gomiztegi kooperatiba eta Leintz Gatzagako Jakion kontserbagintza enpresa eta Gatz Museoa ez ezik, Aretxabaletako Mendibitzu baserria ere bisitatu ahalko da; nekazaritza ekologikoa egiten dute bertan eta zuzeneko salmentan ere badihardute.

Informazio gehiago www.turismodebagoiena.com helbidean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak