Gipuzkoako Elikagaien Bankuak erabaki du Bergaran ipintzea bere bigarren bilketa eta banaketa zentroa. Gipuzkoako 30 bat herriri zerbitzua emango die: Debagoieneko, Debabarreneko, Urola Garaia eta Urola Kostako eta Goierriko herriei, hain zuzen ere.
Ahalik eta boluntario gehien
Helburua izango da Elikagaien Bankuak duen berbera: premia duen jendeari jatekoak helaraztea. Jateko horiek izaten dira Bankuak hartu ezean alperrik galduko edo zabortegira botako zitezkeen produktuak; hau da, oraindik jateko moduan daudenak, baina bota egiten direnak. Janari horiek saltzaile ertain eta handiei –supermerkatuei eta hipermerkatuei– eskatzen dizkiete, eta haien bila joaten dira Bankukoak, furgonetarekin.
Furgonetak bilketa eta banaketa zentrora eramaten du jasotako produktu guztia. Han boluntario talde bat dago, eta haiek deskargatu egiten dute produktua, eta gero, sailkatu eta antolatu. Elikagaien Bankuak erakundeei ematen die janaria, ez norbanakoei edo familiei; horiek atenditzen dituzten erakundeak joaten dira biltegira produktuaren bila. Horregatik, boluntarioek loteka edo palet-etan antolatzen dute janaria, erakunde bakoitzari behar duena emateko.
Kate horrek behar bezala funtzionatu dezan, ezinbestekoa da Bankua osatzen duten boluntarioen lana. Horregatik, dagoeneko izena eman duten 35 debagoiendarrei esker ona azaltzen die Gipuzkoako Elikagaien Bankuko ordezkari Javier Saezek: "Bergaran agertu den boluntario kopuruak harritu egin gaitu; ez genuen espero hainbeste lagunek izena ematea. Zoragarria da hainbeste jende laguntzeko gertu egotea".
<a href="http://goiena.net/argazkia/28818"><img src="http://goiena.net/site_media/photologue/photos/cache/Boluntarioa_display.jpg"></a>
Arduradunek azpimarratzen dute "ahalik eta boluntario gehien" izatearen garrantzia: "Bost bat laguneko taldeak antolatu nahi ditugu. Horrela, norberak astean goiz baten bakarrik lan egin beharko luke, aste osoan lan egitea gehiegi da-eta. Bestalde, Bankuak urteko egun guztietan eman behar duenez zerbitzua, ziurtatu egingo genuke beti zabalik egotea, jendeak oporrak hartu edo lan egiteko aukerarik ez izan arren".
Ondo dagoen janaria
Oraindik ere, Oiartzunen dauka Gipuzkoako Elikagaien Bankuak janaria batzeko eta banatzeko gune bakarra, baina hutsunea zegoela igarri zuten. Saezen esanetan: "Debagoieneko eta inguruko erakundeak oso gutxi etortzen ziren Oiartzunera, eurendako urruti zegoelako, seguru asko". Ez dakite zentro berriak ze erantzun izango duen, baina dagoeneko Debagoieneko eta zerbitzatuko diren gainerako eskualdeetako banatzaile handienek bat egin dute Elikagaien Bankuarekin: "Hipermerkatu bakarra dago Debagoienean, baina gurekin lan egiteko gertu dago; horrez gain, supermerkatu gehienak ere", esaten du Javier Saezek.
Sarritan, saltokiek edo banatzaileek eurek deitzen dute Elikagaien Bankura, dendatik kendu behar duten janaria daukatela abisatzen. Javier Saezek argitzen du janari hori "beti" ondo dagoela eta iraungitze (kaduzitate) dataren barruan: "Banatzaile edo salmenta-kate bakoitzak bere politikak izaten ditu erabakitzeko produktu batzuk noiz kendu apaletatik", esaten du. Hala, batzuek kendu egiten dituzte produktuak iraungitze-data bete baino lehenago: jogurtak eta hestebeteak, 10 egun lehenago; eta barazkiak eta frutak, normalean, aste bete lehenago, Elikagaien Bankuaren datuek diotenez.
<a href="http://goiena.net/argazkia/28820"><img src="http://goiena.net/site_media/photologue/photos/cache/Oiartzun01_display.jpg"></a>
Gipuzkoako Elikagaien Bankuak iazko kanpainaren datuak eman dizkigu: hilero 16.000 pertsona baino gehiagorengana heltzea lortu zuen, eta 163 erakundek jaso zuten eurek batutako janaria.
Laster kontsumitzekoak
2009a ezkero, beste sistema baten bidez ere jasotzen dute janaria. Azken Minutuko Merkatua deitzen diote, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Mondragon Unibertsitateak 2007an egindako bideragarritasun ikerketa baten ondorioz ezarri zuten. Horren bidez, egunero batzen dituzte elikagaiak, eta, izenak dioen moduan, oso epe motzean kontsumitu behar diren produktuak batzen dituzte. Bankuko arduradunen esanetan, "lehenengo aldiz lortu zen fruta edo barazkiak bezalako janari freskoak batzea, eta baita iraungitze-epe motzagoa zuten beste batzuk, esnekiak eta opilak, esaterako". Horiek agudoago alperrik galtzen direnez, egun batetik bestera banatzen dira. Gipuzkoako merkataritza-gune handienetatik pasatuko ziren Elikagaien Bankuko bi furgonetak, egunero: Eroski (Garbera, Urbil eta Arcco), Alcampo (Txingudi), Carrefour (Oiartzun) eta Uvesco (Irun).
Kalkulatzen da Azken Minutuko Merkatua-ren bidez, hilero, jasotzen direla 2.650 kilo fruta, 7.000 kilo barazki, 7.000 ogi-unitate, 3.200 jogurt, 560 hestebete-unitate eta aurretik prestatutako 260 janari-unitate.
Sistema horrekin hasteko, Foru Aldundiaren Iraunkortasun Sailaren babesa izan zuen Gipuzkoako Elikagaien Bankuak. Sail horrek azpimarratu zuen beste helburu bat ere bazegoela horren atzetik: behartsuei laguntzeaz gain, galarazi egingo zen janari asko zabor bihurtzea; eta, bereziki, herrian traba egiten duen zabor mota –usaina, intsektuak…– eta osasun publikoari zein ingurumenari kalte handia egiten diona.
Elikagaien Bankuaren eta Azken Minutua-ren helburuak bata bestearekiko osagarriak dira: lehenak iraungitze-epe luzea duten janarien kantitate handiak kudeatzen laguntzen du; bigarrenak laster kontsumitzeko diren eta agudo alperrik galtzen diren janariak kudeatzen ditu.
Janaria lortzeko beste bide batzuk dira Europako Batasunak ematen duena eta beste edozein lekuko elikagai bankuekin trukatutakoa: kontaktuan egoten dira euren artean, eta elkarren beharren eta soberakinen arabera, trukeak egiten dituzte.
Kopurutan, hauek dira Gipuzkoako Elikagaien Bankuak 2010ean jaso zituen kantitateak: industrietatik, 157.135,50 kilo; Europako Batasunetik, 598.208,40; beste elikagai banku batzuetatik, 31.760; kanpainetatik, 21.918,80; eta Azken Minutuko Merkatutik, 309.428,30.
Gero eta behar handiagoa
Lan horren guztiaren bukaeran daude behartsuak, Bankuaren oinarria. 2009tik 2010era, handitu egin da Gipuzkoako Elikagaien Bankuak hilero atenditzen dituen herritarren kopurua: hilero 1.000 gehiago, gutxi gorabehera. Javier Saez arduradunak esaten duenez, "gero eta behar handiagoa dago. Orain etortzen da lehen behar hori zuenik ematen ez zuen jendea. Azkenean, hor ere igartzen da krisia".
Baina igartzen dute ere "janari asko eta asko bota" egiten dela, oraindik ondo egon arren. Hortik dator Elikagaien Bankuaren leloa: Ematen ez dena galdu egiten da.