Nondik datorkizu errepide eta motorrarekiko zaletasuna?
Ba... ez dakit. Beti atsegin izan ditut motorrak, baina etxean ni izan naiz zaletasun hau eduki duen lehena. Motor mundua nire bitartez iritsi zen etxera.
Eta autobusarekin zer?
Horrek bere arrazoia dauka. Nire gurasoek ez dute inoiz autorik izan, eta, lagunek kotxeak begiratzen zituzten neurrian, nik autobusak gustuko nituen. Uda guztietan Extremadurara joaten ginen eta garai hartan ia 15 orduko bidaia egiten genuen. Negar egin beharrean, ni poz-pozik joaten nintzen. Bertan gurasoekin eta arrebekin igarotako oso oroitzapen onak ditut.
Baina erabiltzaile izatetik gidari izatera?
Ez, ez. Nik txikitatik gidari izan nahi nuen. Eskolako nire mahaian hamaika autobus enpresaren izenak konpasarekin idatzi nituen: Pesa, Alsa, Burundesa, Arriaga... txorakeria dirudi, baina, autoek ez bezala, ni autobusek erakartzen ninduten. Donostiara bidean Ormaiztegi paretik pasatzean, mendietara begiratu beharrean Irizar lantegiaren kanpoan zeuden ehunka autobusei begira egoten nintzen.
Guztira, zenbat gidabaimen dituzu?
[Diru-zorroa begiratu ostean] Hiru: motorra gidatzeko, autobusa eta anbulantzia gidatzeko eta mundu guztiak daukan autoko gidabaimena.
Autobus bat eta motor bat gidatzeak oso ezberdina izan behar du?
Zeharo ezberdina. Autobusak kontrol handia ematen dizu; motorrak, berriz, gidatzeko orduan beste mota bateko emozioak ematen dizkizu bihurguneak hartzeko orduan, abiadura bizkortzean... Motorraren bitartez paregabeak diren uneak bizi izateko aukera izan dut.
Motorrean, bat ala bi?
Bat; nire motorra Suzuki GSX-R750 bat da, eta, bi eserleku dituen arren, erosoago doa gidaria bigarren pertsona baino. Gainera, gidatzeko orduan ere, bi pertsonarekin ez da sentsazio bera.
Inoiz errepidea laztandu duzu?
Denok bezala, inoiz motorrak irrist egin eta errepidearen zaporea probatu dut, bai. Zorionez, ez da ezer larririk gertatu, urratu batzuk eta listo. Dena den, kontuz ibili beharra dago, motorrean ez duzu babes handirik eta akats txikiena zerbait larri bihur daiteke.
Pigüinos, Cheste eta horrelako motorzale bileretara joaten zara?
Joan izan naiz, baina ez ditut gustuko. Motorra errepidean gozatzeko zerbait da. Horrelako tokietan motorra festa egiteko aitzakia bat besterik ez da. Nik nahiago dut lagunekin bidaia bat antolatu.
Askotan gidatzen duzu taldean?
Nahiko nukeena baino gutxiagotan. Eskoriatzako beste mutil batek primerako bidaiak antolatzen ditu. Azkenekoan, 4.000 kilometrotik gora egin genituen aste betean zehar.
Laster, motorra aparkalekuan utzi eta beste gidabaimen bat beharko duzu.
Halaxe da, bai. Hilabete eta piku barru aita izango naiz eta ume-kotxea eramateko gidabaimena eskuratu beharko dut. Hilabete batzuetan L-arekin joan beharko dut, badaezpada ere.
Zure alaba motorzalea izatea gustatuko litzaizuke?
A ze galdera zaila! Egia esateko, ez. Nire gurasoei, amari, gehienbat, oso une txarrak pasarazi dizkiot, eta ez dakit hori pasatzeko prest nagoen.
Hara, hara... motorzalea, zu bai eta besteak ez?
Ez da hori, nire alabak motor bat gidatu nahi badu, nik erakutsiko diot behar bezala errepidean ibiltzen, baina autobusean mugitzen bada, hobeto!