"Harrera eta satisfazio handiak sortzen ari den egitasmoa da", adierazi du Baketik-eko zuzendari Jonan Fernandezek. "Ez ditugu gauza konplikatuak lantzen, baina batzuetan gurasoek eta irakasleek beharrezkoa izaten dute dituzten intuizioak eta sentsazioak konfirmatzea eta kontrastatzea".
Parte-hartzaileak ere gustura
Gurasoa eta Oñatiko Txantxiku ikastolako irakaslea da Jabier Agirre. Baketik-en guraso eskolan parte hartu du. Oso balorazio positiboa egin du. “Guraso guztiak animatuko nituzke parte hartzera”.Mintegi interesgarriak eta antolaketa zein metodologia egokiak ikusi ditu. “Nigan oso barneratuta geratu da egoera ezberdinen aurrean (gatazkak, une gozoak, zailtasunak, arazoak…) norberaren esku dagoela baldintzak sortzea. Jaso dugun beste baieztapen bat gogora ekarri nahiko nuke: Egiten duguna egiten dugula, beti aritu beharko ginateke itxaropen handienarekin, baina espektatiba apalenarekin bestela atsekabean erortzeko arrisku handia izango baikenuke". Gurasoontzako antzerako ekimenak beharrezkoak direla uste du.
Hurrengo ikasturtea prestatzen
Jarraipena izango du Baketik-eko guraso-irakasle eskolak. "Datorren ikasturtea prestatzen ari gara eta gure asmoa da programa zabaltzea", esan du Fernandezek. Eskolaz eskola eta guraso elkarteetan egiten dituzten saioek ere harrera oso ona izaten ari direla adierazi du.