Lanbidek 4.000 langabe kontratatzeko diru-laguntza onartu du

Leire Kortabarria 2011ko martxoaren 3a

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak 42 milioi euroko laguntza-lerro bat onartu du, langabeak kontratatzea sustatzeko. Neurri hori EAEko ia 4.000 herritarrentzat izango da lagungarria. Horren berri eman du gaur goizean Gemma Zabaleta Lanbideko presidenteak.

Laguntzak kotizaziopeko enplegu-prestaziorik jasotzen ez duten langabeei eta diru-sarrerak bermatzeko errenta (DBE) jasotzen dutenei zuzenduta daude, baita gazteei ere. Izan ere, bi kolektibo horiei izugarri eragin die krisialdiak, eta, beraz, lehentasunezkotzat hartu ditu Lanbidek. Laguntzen % 20 gutxienez DBEaren jasotzaileentzat izango da, eta % 35 gutxienez 18 urtetik 30 urtera bitarteko gazteentzat.

Laguntza horiek toki-erakundeek eta haiekin lotura duten edo haien mendekoak diren erakundeek eska ditzakete, baita irabazi asmorik gabeko erakundeek, laneratze-enpresek eta enpresa arruntek ere. Interes orokorreko eta gizarte-onurako jardueretarako emango da diru-laguntza, hala nola teknologia berriekin, ingurumenarekin eta energia berriztagarriekin lotura duten jardueretarako, hezkuntzaren eta osasunaren kultura sustatzeko jardueretarako, hurbiltasun-zerbitzuetarako (beren kabuz moldatu ezin diren pertsonei laguntzea, ezgaituak komunitate-bizitzan sartzea, etab.), eta komunitaterako zerbitzuetarako (terapia okupazionaleko zerbitzuak, hirugarren adinekoen dinamizazioa, etab.), besteak beste.

Otsailaren 1etik abenduaren 31ra arte

Interes orokorreko eta gizarte-onurako jarduerak lagunduko dira diruz: teknologia berriak; energia berriztagarriak; artea eta ondarea berreskuratzea; ingurumenarekin lotura duten lanak; birziklatzea eta baliabideak berrerabiltzea; hezkuntza- eta eskola-ekipamenduak mantentzea; hezkuntzaren eta osasunaren kulturaren sustapena; turismoa eta kirola; hurbiltasun-zerbitzuak deritzanak (beren kabuz moldatu ezin diren pertsonei laguntzea, ezgaituak komunitate-bizitzan sartzea, etab); komunitatetarako zerbitzuak (terapia okupazionaleko zerbitzuak, hirugarren adinekoen dinamizazioa, etab.); landa- eta hiri-ingurunea mantendu eta berreskuratzea; banda zabaleko azpiegitura berriak garatzea; eta gizarte-onurako beste eremu batzuk.

Erakundeek nahi duten aldirako kontratatu ahal izango dituzte langileak, betiere kontuan izanik diru-laguntzek lanaldi osoko sei hilabeteko aldia hartuko dutela eraginpean. Zuzkidura berri horri esker, diru-laguntza emango zaie 2011ko otsailaren 1etik abenduaren 31ra bitartean egiten diren kontratuei.

Laguntza-programa horren bitartez, 2011n politika aktiboetara bideratutako zenbatekoaren % 50 inguru gauzatu da. Guztizko aurrekontua 225 milioi euro da.

Politika aktiboetarako, 70 milioi

Lanbideren aurreko Administrazio Kontseiluan 70,5 milioi euroko partida onartu zen enplegu-politika aktiboetarako. Politika horiek hiru jardun-ildotan gauzatzen dira: ezgaitasuna duten langileak laneratzea, enplegurako lanbide-heziketa, eta enpresa-ekimena eta enplegua sortzen duen jarduera ekonomikoa sustatzea.

Lanbideren Administrazio Kontseiluak (hiruko organoa da, paritarioa eta erabakitzailea) gaur onartu dituen laguntzek urtarrilaren 31n amaitu ziren + euskadi 09 programako kontrataziorako laguntzei jarraipena ematen diete.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak