Alecop ikasleen kooperatiba bezalakorik ez dago munduan!

Leire Kortabarria 2011ko martxoaren 3a

Ikasleak lanaren bidez lanerako prestatzen eta ikasketekin jarraitzeko laguntzen diharduen kooperatiba bat badaukagu Debagoienean. Mondragon Korporazioko Alecop kooperatiba da, ikasleek osatzen duten kooperatiba. 45 urteko historia dauka eta 11.000 lagunetik gora izan dira bertako ikasle-bazkide, eta arduradunek ez dute antzeko iniziatibaren berririk.

Alecop bere burua berritzen joan da denbora pasatu ahala; Bolognako hezkuntza-printzipio berriei aurrea ere hartu zien, eta ikasleen konpetentzia pertsonaletan arreta berezia jartzen du. Horrez gain, gaur egungo premiei egokitutako proiektuak lantzen ditu.

Oinarrian, sorrerako bi helburu haiek ditu Alecop-ek: ikasleei prestakuntza integral bat eman, ikastetxean eureganatzen dutenaren osagarri gisa; eta, bestetik, ikasketak ordaintzen laguntzea, diru-sarrera bat ziurtatuz. Horretarako, ikasleek egun erdiz euren ikasketak egiten dituzte, eta beste erdian, ikasketekin lotura duten lanpostu bat dute, gehienek Alecop-etik kanpo, baina baita barruan ere.

Arduradunek Alecop gehiago ezagutarazi nahi dute, izan ere, krisialdi garai hauetan, uste dute ikasle zein enpresendako bereziki interesgarria dela. Alecop-eko training manager edo Formazio arduradun Koldo Etxezarretaren hitzetan, "krisiarekin, kooperatibetan lan egiteko aukera gutxiago dago, eta ikasle gehiago dabiltza izena ematen Alecop-en sartzeko, eta informazio eskaera gehiago dituzte gurekin lan egiten duten hezkuntza zentroek". Eta enpresek, bestetik, abantaila asko dituzte Alecop-eko ikasle-bazkideak hartzen badituzte: epe luzeko laguntza kualifikatua, enpresaren etorkizunera begira ikasleak ezagutzeko aukera, edo denbora faltagatik martxan ipini ezin izan dituzten proiektuei ekitea, beste batzuen artean.

Eskubide osoko bazkideak

Alecop-en funtsa ikasle-bazkideak dira. Oraingo ikasturtean, 300 daude. Bazkide kooperatibistak dira, eskubide osoz, eta sozietate-kondratua dute: kapitala ipintzen dute, interesak jasotzen dituzte, erabaki-organu guztietan daude… Euren bazkidetzak irauten du ikasketek irauten duten adina. Ikasle-bazkide izateko, Alecopekin hitzarmena duen ikastetxe batean matrikulatuta egon behar da. Etxezarretak esaten digunez, "horiek dira Debagoieneko ikastetxeak, batetik, eta hor daude Mondragon Unibertsitatea, Aretxabaleta Institutua, Arizmendi ikastola, Miguel Altuna edo Oñatiko Institutua; eta, bestetik, Mondragon Korporazioko ikastetxeak, bailaratik kanpokoak ere bai".
Euren ikastetxean Alecop-en proiektuan sartzeko izena eman behar du ikasleak, hortaz. Alecop-ek aukeraketa prozesu bat egiten du hautagaien artean.

"Balio dugula erakusten dugu"

Hautaketa prozesua arrakastaz pasatu zuen 300 ikasle-bazkide horietariko bat da Josu Lopez arrasatearra. Ingeniaritza informatikoa ikasten du, eta arlo horretan lan egiten du Alecopen bertan. Laster hiru urte emango ditu Alecop-eko ikasle-bazkide moduan. Berak, arrasatear moduan, betidanik ezagutzen zuen Alecop. Biltokian hasi zen lanean, baina orain, bere ikasketekin lotura handia duen lana egiten du: sare sozialak kudeatzen lan egiten du. Alecop-en sare sozial bat ere eramaten du, Alecoperos izenekoa (www.atekoalecop.es/alecoperos), Alecop-eko ikasle-bazkide izan direnek argazkiak, oroitzapenak… partekatu ditzaten.

Josu Lopez, Alecop-en.

Lopezek "ondo" darama ikasketak eta lana, dena batera egitea; iaz arte, Mondran jokatzea ere bateratu beharra izan zuen, eta hala ere ondo moldatu zen. Hau esaten digu: "Esperientzia aberasgarria da Alecopen ibiltzea; profesional moduan garatzen gara, balio dugula erakusteko aukera ematen digu, eta enpresek ere ikus dezakete balio handiko ikasleak daudela".

Informatikan dihardu ere Javier Sierrak: "Hiru urte daramat Alecopen, eta asko ikasi dut. Zalantzaren bat izan dudanean, beti laguntzeko gertu izan ditut ingurukoak. Bestalde, unibertsitatean ikasten dugunak beti ez da lotuta egoten gero enpresan egin behar izango dugunarekin, baina hemen ikasi dudan guztia aplikatzen da lanean", esaten digu. Onartzen du "gogorra" izan daitekeela ikasi eta lan egin behar izatea, baina, bere ustez, gakoa da gauza bakoitzerako "denbora bat hartzea: ikasteko, lanerako, lagunekin egoteko…"

Javier Sierra, Alecop-en.

Hezkuntza arloko negozioa

Alecop-en helburu nagusia soziala da, baina beste edozein enpresaren moduko jarduera egiten du. Hala, batetik, kablegintza negozioa du, 60-70eko hamarkadetan hasitakoa eta gaur egun ere jarraitzen duena. Baina bere negozio garrantzitsuena beste bat da: hezkuntzarako materiala, edukiak eta trebeziak sortzea. Koldo Etxezarretak azaltzen dizkigu azkenaldian dituzten lan eta proiektu batzuk: "Gure hezkuntza materiala ikastetxe teknikoetarako da; adibidez, Ingeniaritza eskoletarako, Lanbide Heziketa eskoletarako… Baina eboluzio bat ere egon da: lehen materiala bakarrik egiten bagenuen, gero metodologia, material horrekin zer egin gehitu genion. Gaur egun, dena lantzen dugu, arlo pedagogiko osoa: ikasgaiak curriculumean sartzea, irakasleak prestatzea, materiala eta material hori nola erabiltzea…"

Materiala prestatzen lan egiten du Oscar Espino zumaiarrak, Alecopen muntaketa-gunean. Berak urtebete darama ikasle-bazkide moduan: "Ikastetxean izan nuen Alecopen berri eta, nire burua nahiko libre ikusten nuenez, izena ematea erabaki nuen. Lehenengo urtean oso esperientzia ona izan nuen", diosku.

Oscar elektrizitate-muntatzailea da Alecopen, eta Diseinu Industriala dabil ikasten. "Hemen lantzen dudanak badauka zerikusia ikasgelan ikasten dudanarekin", esaten digu.

Oscar Espino, muntaketa tailerrean.

Ikasleek badute askatasuna euren lan eta ikasketa eguna eurei komeni moduan antolatzeko; Oscarrek, adibidez, goizez lan egiten du eta arratsaldea ikasketendako gordetzen du. "Iaz ondo moldatu nintzen. Ea aurten ere horrela den! Oraingoz, ikasturtea nahiko ondo doa", komentatzen digu.

Alecop-en lantzen dutenak beti ez du halako zerikusi argia euren ikasketekin. Hori da Ane Vitoria arrasatearraren kasua. Bera hasiberrietako bat da: irailean hasi zen Alecop-en. Mondragon Unibertsitatearen Huhezi fakultatean Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasten du. Alecop-en harreragile da, eta goizetan egiten du lan. "Nire lana da jendeari harrera egitea, deiak pasatzea, bai kanpotik eta bai barruko deiak… Hemen lantzen dudanak ez dauka zerikusi handirik nire ikasketekin, baina jendearekin egotera ohitzeko-eta balio dit. Izan ere, badakit ikasketak bukatzen ditudanean, nire lanean askotariko jendearekin egotea sarritan tokatuko zaidala", esaten digu.

Ane Vitoria, Alecop-eko harreragile lanetan.

Euren lana edozein izanda ere, ikasleak ez daude bakarrik: denek daukate monitore bat, eta euren lana gainbegiratzen du eta edozein momentutan laguntzeko gertu dago.

Bolognarekin bat

Bolognako irizpide berriekin bat egiten du Alecop-ek. Ez hori bakarrik; aurrea ere hartu zien. Mondragon Unibertsitatearen Mendeberri proiektua hasi zenean, Alecop-eko arduradunek ikusi zuten "bide onean" zihoazela.
Bide horretatik, ikasleekin lantzeko konpetentzia edo trebezia sorta bat aukeratu zuten Alecop-eko arduradunek: talde-lana, erabakiak hartzeko gaitasuna, laneko ikuspegi orokorra, lanean inplikazioa, informazioa eta komunikazioa, lanaren planifikazioa eta antolaketa, eta arazoei aurre egiteko bideratutako pentsamendua. Horiei beste bat gehitu zieten: garapen kooperatiboa. "Kooperatibako bazkideak direnez, eta Alecop Mondragon Korporazioko kide izanda, kooperatibismoaren oinarriak, lan egiteko modua, antolaketa… erakusten diegu. Jakina, hemen dauden bitartean ez dute ikasiko kooperatibismoaren gaineko den-dena, baina behintzat lehen harreman bat izango dute", esaten du Koldo Etxezarreta Formazio arduradunak.

Konpetentzia horiei modu askotara deitzen zaie –konpetentzia pertsonalak, konpetentzia orokorrak, oinarrizko konpetentziak…–; Alecop-en, zeharkako konpetentziak deitzen diete, langilearen lan-jarduera edo postua dena dela izanda ere, bere lan-bizitza osoan behar izango dituelako. Horiei garrantzi handia ematen diete: izan ere, gaur egun, lan munduan asko eskatzen eta estimatzen dira, eta heziketan behar adina ez direla lantzen uste dute Alecop-en. ATEKO deitzen diote konpetentzia horiek lantzeko prozesuari.

"Gauza asko ikasi ditut"

Ikasle-bazkideak dira Alecop-eko protagonista nagusiak. Pozik dabiltza gaur egungoak, eta baita lehengoak ere. Alecop-ek bere ikasle ohien zenbait mezu batu ditu: "Enpresa bat zer den ezagutu dut eta hezten lagundu dit"; "Gehien gustatu zaidana pertsonekin izandako harremanak izan dira, batez ere beste ikasleekin izandakoa"; "Nire ustez, lortu dudan esperientzia etorkizuneko lanetan oso baliagarria izango da"; "Eskaini didaten autonomia eta konfiantza eskertzen ditut, nahiz eta hasieran gustukoa ez izan"; "Presio handirik sentitu barik, gauza asko ikasi ditut; ikaslea naizela kontuan hartzen da"; edo "Monitoreen papera oso garrantzitsua da. Klasean erakutsi ezin dizkidaten gauzak erakutsi dizkidate".

 

Koldo Etxezarreta | Formazio arduraduna

Koldo Etxezarreta Alecop-eko Formazio arduraduna.

"Gure irakasgai garrantzitsuena trebezia pertsonalak dira"

Alecop-eko Formazio arduradun edo training managerra da Koldo Etxezarreta.

Gaur egun, zein da Alecop-en helburu nagusia?
Bi helburu ditugu, baina gaur egun, batek garrantzi berezia du: ikasleak lanerako prestatzen ditugu, eta prestakuntza integrala ematen diegu, euren prestakuntza akademikoaren osagarri gisa. Gainera, sistema kooperatibo baten printzipioak, egitura, lan egiteko modua… ezagutzen hasteko aukera ematen diegu.
Gure beste helburua, betidanik, da ikasleei laguntzea euren ikasketak ordaintzen.
Ze plus eskaintzen die Alecop-ek bere ikasle-bazkideei, hezkuntza aldetik?
Ikusi genuen zerbait egin behar genuela euren ikasketak modu estrukturatuan aberasteko. Konpetentziaren kontzeptuaz asko hitz egiten zen momentuan geunden, eta ikasleei horiek garatzen laguntzea erabaki genuen. Konpetentziak lanean garatzen dituzte; horren jarraipena egiten diegu; eta ebaluazioa ere egiten diegu.
Izan ere, konturatu ginen hori zela guk eman dezakegun gauza garrantzitsuena: ez trebezia teknikoak, horiek ikastetxean ikasten dituztelako, baizik eta trebezia edo konpetentzia pertsonalak, sozialak eta metodologikoak.
Horrez gain, beste edozein enpresa bezalakoa zarete…
Bai. Helburu sozial bat dugu, eta gure misioa ikasleei lan mundura errazago sartzeko bidea zabaltzea da, baina horrez gain, bi negozio ditugu: hezkuntza materiala eta kableatua. Gure negozio nagusia da proiektu pedagogikoak egitea. Hezkuntza materiala fabrikatzen hasi ginen, ikastetxe teknikoetara zuzenduta: automobilgintza, ingeniaritza edo Lanbide Heziketa ikastetxeetara. Gero, material horrekin zer egin, hau da, arlo metodologikoa ere lantzen hasi ginen, eta orain, arlo pedagogiko osoa, irakasleen prestakuntza, curriculuma… dena lantzen dugu.

Berritasunak ere baditugu: hezkuntza proiektuak garatzeko talde berri bat sortu da, eta batez ere Hego Ameriketako merkatua lantzen ari da. Bestetik, langileendako ikastaroak ere sortzen hasi gara. Enpresetara eta langile autonomoengana ailegatu nahi dugu.
Alecop-en antzeko enpresarik ezagutzen duzu?
Ez; gure kasua bezalakorik ez dut ezagutzen, ikasleek osatutako kooperatiba bat, ikasleoi lan aukera ematea misiotzat duena. Kanpotik bisitak izaten ditugu, eta horiek ere esaten digute inon ez dutela antzekorik ikusi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak