1. Zer geratzen da lehen kontzertua eman zuen Amaia Zubiriatik?
Dena. Gertatzen da gauza gehiago erantsi zaizkidala: urteak, esperientzia... Eta, akaso, inozentzia galdu.
2. Sentimenduz abesteko, sufritu egin behar izan da?
Ez dakit behar den, baina niri, behintzat, tokatu izan zait asko sufritzea eta gero, sufritzen den hori nahi gabe edo jakin gabe erabiltzen da sentimenduak eta dramatismoa adierazteko. Ez dakit beharrezkoa den, baina nire kasuan hala izan da.
3. Taldean, binaka eta bakarka abestu izan duzu. Nola erosoen?
Denetara. Oso erosoa da binaka edo taldean abestea, babestuta sentitzen zara. Baina bakarka ere ez zaude bakarrik, musikariak hor dituzu; erantzukizun handiagoa duzu, hori bai.
4. Lana eta maitasuna nahastea formula ona da?
Ondo ateratzen bada, bai. Nire kasuan, denbora luzean bizi izan naiz eta lan egin dut pertsona batekin, eta iraun duen bitartean oso ondo iraun du.
5. Zeren alde ez zenuke inoiz abestuko?
Eskuinaren alde. Oso ezkertiar sentitzen naiz eta musikaren praktizitatean sinesten dut: gauzek zerbaitetarako balio dute eta daukagun ahalmen hori gure ideietan erabili behar dugu.
6. 80ko hamarkadan hainbat pelikulari jarri zenion musika. Nolako esperientzia izan zen?
Horretarako oso intuitiboa izan naiz, ez dakit-eta musika; gero, musika dakitenekin egin dut lan. Nik ideiak izan ditut, horiek martxan jartzea izan da nire meritua. Esperientzia polita izan zen; bere garaian egin beharrekoa.
7. Zergatik ez dago Euskal Herrian emakume bakarlari gehiago?
Badaude, baina taldeetan: Zea Mayskoa, Sorkun, Goseko Ines... Emakume eta ahots sendoak dira, izugarrizko nortasunarekin. Baina niri ere gertatu zitzaidan: taldean abesteak absorbitu egiten zaitu.
8. Zer iruditzen zaizu Lady Gaga fenomenoa?
Uste dut horrelako fenomenoak kreatibitatearen agerpenak direla, inkonformismoarenak. Gero arrunt bihurtu arren, aurrerapauso ausartak dira, baita komenigarriak ere.
9. Zer-nolako amona zara?
Zoragarria! Hori esaten didate, behintzat... Ez naiz amona arrunta, baina naizen moduan onartu naute; oso pribilegiatua naiz.
10. Askotan aldatu duzu bizilekua. Nomada, bokazioz ala halabeharrez?
Halabeharrez; baina, azkenean, bizitzak apur bat nomada egiten zaitu. Nire ametsa beti izan da leku finko bat izan eta gero mugitzea; oso bidaiaria naiz.
---------------------------------------------------------------------
Lehendakaria banintz...: "Sortzaileak ez dira batere kontuan hartzen, eta sortzaile diodanean, sortzaile ezezagunak esan gura dut. Ez dira gogoan hartzen eta uste dut beharrezkoa dela artisauei eta sortzaile txikiei laguntzea. Laguntzeak esan nahi du euren bizitza erraztea, kontuan izanik berez lan honek ez digula bizi izateko lain ematen".