Lur-jausiak euri jasarengatik, baina bestelako arazorik ez

Usoa Agirre 2011ko otsailaren 28a

Goizeko euri jasaren ondorioz lur-jausiak izan dira Debagoieneko zenbait errepidetan. Eskoriatzan, Mazmelan eta Marinen, lur-jausien ondorioz zuhaitzak moztu behar izan dituzte. Bergaratik Angiozarrera bidean, berriz, bi lur-jausi izan dira eta arazoak egon dira.

Goizean ia etengabe eta momentu batzutan indar handiz egin du euria. Arrasaten, adibidez, goizeko 6etatik 11:00etara bitartean 12 litro bota ditu metro koadroko.

Neguko Bidezaintza Plana

Astelehen honetako lehen orduan, Neguko Bidezaintza Plana aktibatu du Trafiko Zuzendaritzak, klimatologiaren okerragotzearen eraginez. 600-700 metro inguruan kokatzen da kota, hala ere, 500 metrora jaitsi daiteke.

Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentrotik zuzentzen ari da Plana, zirkulazio eta errepide zerbitzuetan lan egiten duten instituzio eta organismoen artean koordinazio eta eraginkortasunik handiena bilatuz.
 
Herrizaingo Saileko Trafiko Zuzendaritza, Hiritarren Segurtasunerako Zuzendaritza eta Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritza, Foru Aldundietako Errepide Zerbitzuak eta autobideetako emakidadunak daude neguko denboraleei aurre egiteko programa honetan. Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren aholkularitza ere badute.
 

Gidariek Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak abian jarritako 902 112 088 telefonoan jaso dezakete trafikoari buruzko informazioa, baita Trafiko Zuzendaritzaren webgunean ere: www.euskadi.net/trafikoa

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak