Nondik dator euskal Inauterien tradizioa?
Ohitura zaharra da; izan ere, Europan laborantza sartu zenean hasi ziren Inauteriak ospatzen. Hau da, Neolitiko garaian. Inauteri hitza inausi hitzetik datorkigu; beraz, inausaldi garaia markatzeko sortu ziren jaiak.
Inauteri eta Aratuste, gauza bera dira?
Bai. Resurreccion Maria de Azkueren hiztegiari begirada bat botaz gero, Aratuste arastui hitzetik datorrela ikusiko dugu eta inausitako zuhaitzen landaketa esan nahi du. Hortaz, bi hitzek esanahi berdintsua dute.
Zenbat denbora daramazu Inauteri eta etnografiaria ikertzen?
50 urte inguru daramatzat euskal folklorearen inguruan ikertzen. 19 urterekin hasi nintzen, afizioz, nire kuriositatea ase nahian. Autodidakta naiz, baina oso serio hartzen dut nire afizioa. Eguneroko lana eta dedikazioa beharrezkoak dira horretarako. Izan ere, gu joaten garenean, guk idatzitakoak bertan iraungo du, eta jakituriaren transmisioa bermatzea garrantzitsua da.
Zein elementuk ezberdintzen dute euskal Inauteria gainontzekoetatik?
Euskal Herriko Inauteriek antzekotasun ugari dituzte Europakoekin, ardatz Euroasiatikoa moduan ezagutzen den eremu berean bizi baikara. Klimatologiak eragina du Inauterien izaera eta ezaugarriak definitzeko orduan. Euskal Herrian neguan ospatzen ditugu Aratusteak, eta horregatik dute kutsu dramatikoa zenbaitetan. Hego Amerikako Inauteriak, ordea, askoz ere ludikoagoak dira, klima beroari jarraiki.
Ze iruditzen zaizu herri askotan gertatu den Inauterien berpizkundea?
Oso interesgarria izan da azken urteotako pizkunde prozesua. Oro har, belaunaldiz belaunaldi pasa izan den tradizioaren ondorio da hori. Baliabide bibliografikoak erabiliz eta adinekoen istorioak entzunez, Inauteriak ondo berreskura daitezke, gure nortasuna galdu gabe. Horretarako, garrantzitsua da arketipoen bidez Euskal Herriko eta Europako eredua jarraitzea.
Gure festa askok dantza edo abestiak izaten dituzte ardatz; Inauteriekin ere horrela gertatzen da?
Hala da. Jatorrian oso ideia sinplean oinarritu ziren Inauteriak; bada, mozorrotzea eta etxetik etxera puska bila joatea. Musika eta jana folklore horren oinarri ziren, eta gaur egungo Aratusteek ezaugarri horiek mantendu dituzte.
Teknologia berriek nola eragin dute Aratusteen bilakaeran?
Argi dago ez garela gure arbasoen garai berean bizi, baina posible da tradizioari eustea. Hala ere, nahiko konplikatua da, teknologia berriek iraganarekiko lotura moztu dezakete eta. Gazteek ulertu eta ikasi behar dituzte gure arbasoen folklore ohiturak, eta horiek guztiak euren sormen baliabideekin partekatu. Erronka interesgarria da.
Tradizioa festa bilakatzea arriskutsua da?
Ez da arriskutsua; izan ere, festa tradizionalak izan arren, izaera ludikoa dute. Inauteriek beti izan dituzte askatasuna eta dibertsioa ardatz. Oreka bilatzea da gakoa. Venezian, adibidez, Pizkunde garaiko testuak aztertu zituzten eta azken urteotan lortu egin dute iraganean egiten zuten desfilea berreskuratzea. Kasu honetan, festa ere egingo dela ziurtzat jotzen da. Inauterietan posible da tokian tokiko tradizioa eta dibertimendua partekatzea.
Zeintzuk dira euskal Inauterien pertsonaia garrantzitsuenak?
Euskal Inauterien pertsonaiak oso politak dira. Alde batetik, joaldunak ditugu, Ituren eta Zubietakoak. Europa guztian zehar daude mozorro berdintsuak. Bestalde, zalditxoak eta Lantz herriko zaldikoak ere oso tradizionalak dira. Erraldoiak eta Mielotxin ere aipatu behar ditugu, karisma handiko pertsonaiak baitira.
Zein herritan mantendu da Inauteri tradizionala?
Ez nuke herri konkretu bat aipatuko. Hala ere, azpimarragarria da hirietan bizi diren euskaldunak herri txikietara joaten direla Inauteriak nola berreskuratu diren ikustera. Euskal Herria gero eta urbanoagoa denez, herri txikietan mantentzen diren ohituretara jotzen dugu, tradizioari eusteko asmoz.
Zein jakinduria maila daukagu euskaldunok gure Inauteriez?
Oro har, euskaldunen artean ez dago gaiaren inguruko jakituria historikorik. Familiaren bidez edo tokian tokiko tradizioari helduz mantendu dira Inauteriak, baina arbasoekiko lokarria mantendu gabe. Aratusteen bisio globala ezin da ulertu, baldin eta ez bada ikasten. Euskal Herriko Inauteriak ezagutuz gero, Europako Aratusteak ere uler daitezke. Eta festa hauen inguruan aztertzeak balio izan dit gaiaren inguruko perspektiba holistikoa izateko.
Zer da Inauteriez gehien txunditzen zaituena?
Oso gustuko dut Inauterietan erabiltzen den terminologiak naturarekin duen harremana aztertzea. Jai hauen atzean metafora ugari daude, batez ere, ama lurrarekin harremana dutenak. Esate baterako, ezpata dantzaria ezpaletik edo mando-eulitik datorkigu, eta dantzan ari den intsektua adierazi nahi du. Metafora horiek denboraz kanpokoak dira, gaur egun arte eboluzionatu egin baitute. Gure ohitura zaharrek izugarrizko aberastasun terminologikoa dute, baina sarritan zaila da metafora horiek guztiak ulertzea.