Gero eta gutxiago gelditzen da mozorroak janzteko, baina nondik dator mozorrotzearen jatorria? Juan Antonio Urbeltzek horren gainean jardun zuen atzo Aretxabaletako Kurtzebarrin eginiko hitzaldian.
Juan Antonio Urbeltz antropologoak dio inauterien jatorria bilatzeko historian 4000 urte egin behar ditugula atzera eta inauteriak zuhaitzak inaustearekin lotzen ditu: “gure arbasoek udaberria baino lehen inausiak egiten zituzten, hortik dator inauteria”.
Horrela, inauteri hitza inausi berbarekin lotzen du Urbeltzek; zuhaizten kimatze lanekin. Aratuste hitzak ere ideia bera transmititzen duela dio, Bizkaian erabiltzen den haraztu hitzak kimatutako zuhaitzak lantzea esan nahi duelako.
Gure arbasoek kimatze lanak zomorroak zuhaitzetatik kentzeko helburuarekin egiten zituztela ere badio, eta horrela otsailean ez dela zomorrorik izaten. Hor ikusten du mozorrotzearen beste arrazoiketa bat: “Euskaraz mozorro eta zomorro hitzak ditugu, hor dago gakoa”. Urbeltzen iritziz, gizartea maskara eta mozorroen bitartez zomorrotu egiten da.
Gaineratzen du horrela naturan egon daitekeen gaizkia islatzen dela Euskal Herriko eta Europako inauterietan. Bestalde dio gizakiok ardoaren, jakien edo diruaren bitartez intsektuei diezmoa ordaintzen diegula, udan ez daitezen azaldu, baina hala ere agertu egiten direla: “aratusteak konjuru bat dira, benetako zomorroak desagertzeko konjurua”.