Zorabiatzeko moduko eguna izan zen atzokoa petrolioaren merkatuetan, %10eko igoera batekin hasi eta ordu betean Brent kupela 111 dolarretatik 120ra igota. 2008 urtetik ez du prezio hori izan kupelak nahiz eta egunaren amaierarako gorakada baretu egin zen. Maximo historikoa 2008ko uztailekoa da eta atzo hartutako prezioa marka horretatik 30 dolarretara besterik ez dago. Ziztu biziko gorakadaren ostean ohiko baloreetan dago gaur goizean erregaia, 115 dolarren bueltan eta gaur gasolio litroaren prezioa (batez bestekoa) 1,26 litrokoa da. Hala ere guztiz ere, urtarrilean baino zentimo bat merkeagoa da eta urtarrilekoa, hain justu, beste maximo historikoetako bat izan zen.
Espekulatzaileen diru-festa
Afrika iparraldeko gatazkak larritu ahala petrolioaren prezioak ere gora egin du azken asteetan espekulatzaileak mozkin oparoen bila dabiltza-eta. Prezioa igo bai, baina salmenta ere handia izan zenez, atzo merkatuak 114 dolarreko prezioan itxi zituzten. Maximo historikoak, baina, berriz ere gertu daude.
Kontsumoa, halere, berdintsu
Arrasateko Mekako AVIA zerbitzugunean gaurko prezioak honakoak dira: gasolioa 1'239 euro litroko, 95 gasolina 1,259, 98 gasolina 1,382 eta Innova10Max gasolioa 1,299. Bertako Jasone Martinez langileak dio jendeak, "kexatu arren, beharrak aginduta" kontsumitzen jarraitzen duela baina "depositua goraino bete barik 30 euroko betetzen" duela "apur-apurka, sosen bat aurreztearren". "Hala ere", eransten du, "lehen egubakoitzetan jendea depositua goraino betetzera etorri ohi zen eta orain hori ez da hainbeste ikusten". Hala ere, ez ei da azken hilabeteetako kontua hau, krisi hasieratik dabiltza kontsumitzaileak tentu gehiagorekin. Libia eta Afrika iparraldeko gizarte gatazkak baretu ahala prezioek, "apur bat bada ere", behera egingo dutela uste du.